27 Beste hau ere esan zion erregeak Tzadok apaizari:—Hara, itzul zaitezte bakean hirira Abiatar eta biok eta zeuen bi semeak: Ahimaatz zure semea eta Jonatan Abiatarren semea.
28 Begira, ni basamortuko lautadetan geldituko naiz, zuen berririk izan dezadan arte.
29 Hala, Tzadokek eta Abiatarrek Jerusalemera eraman zuten, ostera, Jainkoaren kutxa, eta bertan gelditu ziren.
30 David Oliamendiko maldan gora zihoan negarrez, burua estalirik eta oinutsik; berarekin zen jende guztia ere, burua estalirik, negarrez zihoan gorantz.
31 Albiste hau eman zioten Davidi:—Ahitofel ere Absalomen alde ari da azpilanean.Orduan, esan zuen Davidek:—Otoi, Jauna, bihur itzazu hutsal Ahitofelen aholkuak.
32 Jainkoa gurtu ohi zuteneko gailurrera heldu zenean, Huxai arkitarra atera zitzaion Davidi bidera, jantziak urraturik eta burua hautsez beterik.
33 Davidek esan zion:—Nirekin baldin bazatoz, oztopo izango zaitut.