24 David Mahanaimera heldu zen. Bitartean, Absalom Jordanez beste aldera igaro zen, berekin zituen israeldar guztiekin.
25 Amasa zeritzan bat gudalburu ezarria zuen Absalomek, Joaben ordez. Amasa hau Itra izeneko israeldar baten semea zen. Itra Abigailekin ezkondua zegoen; Abigail Nahaxen alaba zen eta Joaben ama Tzeruiaren ahizpa.
26 Absalomek eta israeldarrek Galaaden ezarri zuten beren kanpalekua.
27 David Mahanaimera heltzean, amondarren hiri Rabako Xobik, Nahaxen semeak, eta Lo-Debarko Makirrek, Amielen semeak, eta Rogelimgo Bartzilai galaadtarrak
28 oheak, konketak eta buztinezko ontziak ekarri zizkioten Davidi, baita garia, garagarra, ogi-irina, gari-ale xigortua, babarruna, dilista,
29 eztia, gaztanbera, ardi- eta behi-gazta ere. Davidi eta beronekin zen jende guztiari eman zioten dena, jateko, konturatu baitziren jende hark gosea, nekea eta egarria jasan zuela basamortuan.