7 Huxaik, orduan, erantzun zion Absalomi:—Oraingoan ez du aholku egokia eman Ahitofelek.
8 Eta gehitu zuen:—Badakizu, zuen aita eta berekin dituen gizonak oso ausartak direla, eta mendian bere umeak ostu dizkioten hartz ama bezain amorratuak daudela. Gainera, gudari iaioa duzu aita eta gaua ez du bere jendearekin batera emango.
9 Leizeren batean edota beste tokiren batean gordea izanen duzu orain. Eta borrokan hasirik, gureetako batzuen batzuk erori orduko, zure gudarostea hondatu dutela zabalduko da.
10 Orduan, azkarrena ere, lehoia bezain indartsu izan arren, lur joa geldituko da. Israel osoak daki zuen aita ausarta dela, eta bulartsuak direla berekin dituen guztiak.
11 Nik hau aholkatuko nizuke: Bildu zeuregana Israel osoa, Dandik Beer-Xebarainokoa, itsasertzeko hondarra bezain gudaroste ugaria eta gidatu zeuk.
12 Dagoen tokian dagoela, gainera eroriko gatzaizkio, ihintza lurraren gainera bezala. Ez da inor libratuko, ez bera, ezta berekin dituen gizonetarik bat ere.
13 Eta hiriren batean sar baledi, berriz, israeldar guztiek lokarriak ekarriko lituzkete eta errekaraino eramango genuke hiri hori arrastaka, harri koxkor bat ere utzi gabe.