11 Joabek esan zion berria ekarri zion gizonari:—Ikusi eta zergatik ez duk, bada, bertan lurrari josi? Zilarrezko hamar txanpon eta gerriko bat emango nizkian.
12 Gizonak ihardetsi zion Joabi:—Eskuetan zilarrezko mila txanpon ipiniko bazenizkit ere, ez nioke eskurik erantsiko erregearen semeari. Aditu nuen nola esaten zizuen erregeak zuri, Abixairi eta Itairi: «Zaindu Absalom gaztea!»
13 Haren aurka halako maltzurkeria egin izan banu, erregeak jakingo zukeen, eta orduan zu ere ez zinatekeen nitaz arduratuko.
14 Joabek esan zuen:—Ez diat astirik galduko hirekin.Hartu zituen bere eskuetan hiru gezi eta bihotzean sartu zizkion Absalomi, oraino bizirik zegoelarik artearen adarretan;
15 ondoren, Joaben ezkutari ziren hamar gaztek Absalom inguratu, jo eta hil egin zuten.
16 Orduan, Joabek adarra jo zuen eta israeldarrei pertsegitzeari utzi zion jendeak, Joabek geldiarazi egin baitzuen gudarostea.
17 Orduan, Absalom hartu eta basoko zulo handi batera bota zuen; gero, harri-pila handia ezarri zioten gainean. Israeldar guztiak beren etxoletara joan ziren ihesi.