9 Absalom, mando gainean zihoala, Daviden gudariekin aurrez aurre gertatu zen ustekabean. Mandoa arte-arbola handi baten azpian sartzean, arte-adarretan katigatu zitzaion Absalomi ilea; zeru-lurren artean zintzilikaturik gelditu zen, mandoak aurrera egin zuelako.
10 Hori ikusi zuen gizon batek adierazi zion Joabi:—Absalom arteondo batetik zintzilik ikusi dut.
11 Joabek esan zion berria ekarri zion gizonari:—Ikusi eta zergatik ez duk, bada, bertan lurrari josi? Zilarrezko hamar txanpon eta gerriko bat emango nizkian.
12 Gizonak ihardetsi zion Joabi:—Eskuetan zilarrezko mila txanpon ipiniko bazenizkit ere, ez nioke eskurik erantsiko erregearen semeari. Aditu nuen nola esaten zizuen erregeak zuri, Abixairi eta Itairi: «Zaindu Absalom gaztea!»
13 Haren aurka halako maltzurkeria egin izan banu, erregeak jakingo zukeen, eta orduan zu ere ez zinatekeen nitaz arduratuko.
14 Joabek esan zuen:—Ez diat astirik galduko hirekin.Hartu zituen bere eskuetan hiru gezi eta bihotzean sartu zizkion Absalomi, oraino bizirik zegoelarik artearen adarretan;
15 ondoren, Joaben ezkutari ziren hamar gaztek Absalom inguratu, jo eta hil egin zuten.