10 Berrogei urte zituen Saulen seme Ix-Boxetek Israelen errege izaten hasi zenean, eta bi urtez izan zen errege. Judak, aldiz, David onartu zuen errege.
11 David zazpi urte eta sei hilabetez izan zen Judako errege Hebronen.
12 Ner-en seme Abnerren eta Saulen seme Ix-Boxeten mutilak Mahanaimdik atera eta Gabaonera joan ziren.
13 Aldi berean, Tzeruiaren seme Joaben eta Daviden zerbitzariak ere atera ziren eta Gabaongo uraska ondoan aurkitu zituzten besteak. Elkar ikusi zutelarik, batzuk uraskaren alde batean kokatu ziren, eta besteak bestean.
14 Abnerrek esan zion Joabi:—Gazte-talde bi jaiki eta borroka daitezela gure aurrean!—Jaiki daitezela, bada! —erantzun zion Joabek.
15 Jaiki eta aurreratu ziren, beraz, batzuk: hamabi benjamindar Saulen seme Ix-Boxeten aldetik, eta beste hamabi zerbitzari Daviden aldetik.
16 Heldu zion burutik nork bere arerioari eta saihetsean sartu zion ezpata. Denak batera erori ziren. Horregatik, Gabaondik hurbil dagoen toki horri Jelkat-Hatzurim deritza, hau da, «Harkaitz-landa».