5 Amasa Judako gizonak biltzera joan zen; baina luzatu egin zuen, emaniko epea baino gehiago.
6 Orduan, Davidek esan zion Abixairi:—Absalomek baino kalte handiagoa egin behar digu orain Xebak, Bikriren seme horrek. Har itzazu zeure jaunaren gudariak eta zoaz haren ondoren. Ez dadila heldu hiri gotorretara, ihes eginen digu bestela.
7 Abixairekin atera ziren Jerusalemdik Joaben gizonak, keretarrak, peletarrak eta gudaririk adoretsuenak Bikriren seme Xebaren ondoren.
8 Gabaonen dagoen harri handiaren ingurura heltzean, han non datorkien Amasa. Joabek guda-jantzia zeraman soinean, gerrikoz loturik eta gerrikotik zintzilik ezpata bere zorroan. Amasarengana aurreratzean, ezpata erori zitzaion Joabi.
9 Honek esan zion Amasari:—Ongi al zara, ene anaia?Eta eskuineko eskuaz bizarretik heldu zion musu emateko.
10 Amasa ez zen ohartu Joabek beste eskuan zuen ezpataz; honek sabeletik sartu zion, hesteak lurrean barreiatuz. Ez zuen bigarrenez jo beharrik izan; bertan hil zen. Gero, Joabek eta beronen anaia Abixaik Bikriren semearen ondoren jarraitu zuten.
11 Joaben gudarietako bat Amasaren ondoan gelditu zen, eta honela zioen:—Joaben eta Daviden alde dagoen orok jarraitu Joabi!