6 Emazkiguzu orain haren ondorengoetako zazpi gizon, eta hil egingo ditugu Jaunaren aurrean, Saulen hiria den Gibean, Jaunak hautatu zuenaren hirian.Erregeak esan zien:—Emango dizkizuet, bada.
7 Mefi-Boxeti, ordea, Saulen seme Jonatanen semeari, barkatu egin zion, Jonatanek eta Davidek Jaunaren aurrean egina zuten zinarengatik.
8 Hartu zituen, aldiz, Aiaren alaba Ritzpak Sauli eman zizkion bi semeak, Armoni eta Mefi-Boxet, eta Saulen alaba Mikalek Adrieli, Meholako Bartzilairen semeari, eman zizkion bost semeak,
9 eta gabaondarren esku utzi zituen. Hauek urkatu egin zituzten mendian, Jaunaren aitzinean. Zazpiak batera hil ziren, uztaroaren lehen egunetan, garagarra biltzen hastean.
10 Aiaren alaba Ritzpa zaku bat hartu eta harkaitzaren gainean gelditu zen, uztaroaren hasieratik gorpuen gainera euria egin zuen arte. Egunez ez zien uzten zeruko hegaztiei haien gainean kokatzen, ezta basapiztiei ere gauez.
11 Aiaren alaba eta Saulen ohaide Ritzpak egin zuena Davidi adierazi ziotenean,
12 joan eta Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrak Galaadeko Jabexeko bizilagunen eskuetatik hartu egin zituen; izan ere, ostuak zituzten hauek Bet-Xango plazatik, Saul Gilboan hil ondoren filistearrek zintzilikatu zituzten tokitik.