8 Hartu zituen, aldiz, Aiaren alaba Ritzpak Sauli eman zizkion bi semeak, Armoni eta Mefi-Boxet, eta Saulen alaba Mikalek Adrieli, Meholako Bartzilairen semeari, eman zizkion bost semeak,
9 eta gabaondarren esku utzi zituen. Hauek urkatu egin zituzten mendian, Jaunaren aitzinean. Zazpiak batera hil ziren, uztaroaren lehen egunetan, garagarra biltzen hastean.
10 Aiaren alaba Ritzpa zaku bat hartu eta harkaitzaren gainean gelditu zen, uztaroaren hasieratik gorpuen gainera euria egin zuen arte. Egunez ez zien uzten zeruko hegaztiei haien gainean kokatzen, ezta basapiztiei ere gauez.
11 Aiaren alaba eta Saulen ohaide Ritzpak egin zuena Davidi adierazi ziotenean,
12 joan eta Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrak Galaadeko Jabexeko bizilagunen eskuetatik hartu egin zituen; izan ere, ostuak zituzten hauek Bet-Xango plazatik, Saul Gilboan hil ondoren filistearrek zintzilikatu zituzten tokitik.
13 Gero, Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrak handik eraman zituen Davidek eta urkatutako haien hezurrekin bildu zituen.
14 Azkenik, Saulen eta beronen seme Jonatanen hezurrekin batera ehortzi zituzten Tzelan, Saulen aita Kixen hilobian, Benjaminen lurraldean. Erregeak agindu guztia egin zuten. Honen ondoren, Jainkoa errukitu egin zen herrialdeaz.