12 Mezulariak igorri zizkion Abnerrek Davidi, beraren izenean esan ziezaioten: «Nor izango da lurraldearen jabe? Egizu nirekin hitzarmena eta zeurekin izango nauzu. Eta Israel osoa berreskuratzen lagunduko dizut».
13 Davidek erantzun zion: «Ongi da, eginen dut zurekin hitzarmena; baina gauza bakarra eskatzen dizut: ez azaldu niregana Saulen alaba Mikal ekarri gabe».
14 Saulen seme Ix-Boxeti ere bidali zizkion Davidek mezulariak, esatera: «Itzul iezadazu ene emazte Mikal, ehun filistearren zakil-muturrak eman bainituen berori emazte hartzeko».
15 Ix-Boxetek, orduan, Laixen seme Paltieli bere emazte Mikal kentzeko agindu zuen.
16 Senarrak Bahurimeraino lagundu zion, negarrez, ondoren joanez. Abnerrek agindu zion gizonari:—Tira, itzul zaitez! Eta itzuli egin zen gizona.
17 Abner, orduan, honela mintzatu zitzaien israeldarren buruzagiei: «Aspaldidanik nahi zenuten David zuen errege izatea.
18 Oraintxe duzue aukera, honela mintzatu baita Jauna Davidi buruz: Ene zerbitzari Daviden eskuz salbatuko dut neure herri Israel filistearren eta gainerako etsaien menpetik».