1 Abner Hebronen hila zela jakin zuenean, Saulen seme Ix-Boxet bihozgabetu egin zen, eta Israel osoa larritu.
2 Bazituen Saulen seme Ix-Boxetek bi gizon gudalburu: Baana izenekoa bata, eta Rekab bestea; Beerot-eko Rimonen semeak ziren, benjamindarrak; Beerot ere Benjaminen lurraldeko jotzen baita.
3 Beerotarrak ihesi joanak ziren Gitaimera, eta han bizi dira etorkin gisa gaurdaino.
4 Saulen seme Jonatanek bazuen bi zangoak elbarri zituen seme bat; Mefi-Boxet zeritzan. Sauli eta Jonatani gertatu zitzaienaren berri Izreeldik ekarri zutenean, bost urte zituen Mefi-Boxetek. Orduan, inudeak haurra hartu eta ihesari eman zion; zalapartan, ordea, haurra jausi eta herren gelditu zen.
5 Behin batean, etorri ziren Beeroteko Rimonen seme Rekab eta Baana, eta, eguneko berorik handienean, Ix-Boxeten etxean sartu ziren. Hau bazkalondoko lo-kuluxka egiten ari zen.
6 Rekab eta honen anaia Baana garia hartzeko itxurak eginez sartu ziren etxe barrura, zauritu zuten Ix-Boxet sabelean eta ihesi joan ziren.