4 Saulen seme Jonatanek bazuen bi zangoak elbarri zituen seme bat; Mefi-Boxet zeritzan. Sauli eta Jonatani gertatu zitzaienaren berri Izreeldik ekarri zutenean, bost urte zituen Mefi-Boxetek. Orduan, inudeak haurra hartu eta ihesari eman zion; zalapartan, ordea, haurra jausi eta herren gelditu zen.
5 Behin batean, etorri ziren Beeroteko Rimonen seme Rekab eta Baana, eta, eguneko berorik handienean, Ix-Boxeten etxean sartu ziren. Hau bazkalondoko lo-kuluxka egiten ari zen.
6 Rekab eta honen anaia Baana garia hartzeko itxurak eginez sartu ziren etxe barrura, zauritu zuten Ix-Boxet sabelean eta ihesi joan ziren.
7 Etxera sartzean, lotan aurkitu zuten Ix-Boxet bere ohean, jo eta hil egin zuten, eta burua moztu. Gero, burua harturik, Arabarako bidean zehar ibili ziren gau osoan.
8 Heldu ziren Hebronera eta David erregeari eraman zioten Ix-Boxeten burua, esanez:—Hona Ix-Boxeten burua; zu hil nahi izan zintuen zure etsai Saulen semea zen. Honela eman dio Jaunak Davidi Saulen eta beronen ondorengoen lepotik mendekatzeko aukera.
9 Davidek, ordea, Beeroteko Rimonen seme Rekabi eta honen anaia Baanari honela ihardetsi zien:—Bizi bedi Jauna! Berak atera bainau estualdi guztietatik.
10 Berri ona zekarkidalakoan, Saul hila zela esan zidana atxilotu eta hil egin nuen Tziklagen, albistea horrela ordainduz.