13 Jainkoaren kutxa zeramatenek sei urrats egin zituztenean, idia eta zekor gizendua eskaini zituen opari.
14 David Jaunaren aitzinean gogotik dantza eginez zihoan, lihozko efodaz jantzia.
15 Oihu eta adar-hots artean zeramaten Jaunaren kutxa Davidek eta israeldar guztiek.
16 Jaunaren kutxa Daviden Hirira sartzen ari zelarik, Saulen alaba Mikal leihotik begira zegoen eta David erregea Jaunaren aitzinean jauzika eta dantzan ikusi zuen, eta arbuiatu egin zuen bere baitan.
17 Eraikia zuen Davidek oihal-etxola Jaunarentzat, eta han sartu zuten Jaunaren kutxa, eta erdian ezarri, bere tokian. Orduan, erre-opariak eskaini zizkion Davidek Jaunari, baita elkartasun-opariak ere.
18 Erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzen bukatu zuenean, bedeinkatu egin zuen herria Jaun ahalguztidunaren izenean.
19 Ondoren, herri osoari, israeldar jendetza guztiari, gizaseme nahiz emakume, opil bana, haragi-zati bana eta mahaspasa-opil bana eman zizkien. Orduan, jende guztiak nork bere etxera alde egin zuen.