2 Jaunak honen eskuetara eman zituen Joiakim Judako erregea eta Jaunaren etxeko ontzi asko, eta Nabukodonosorrek Babiloniara eraman zituen, bere jainkoen jauretxeko altxortegian gordetzeko.
3 Gero, errege edo handikien familietako israeldar gazte batzuk aukeratzeko agindu zion jauregiko funtzionarioburu zen Axpenazi.
4 Akatsik gabeak izan behar zuten, itxura ederrekoak, jakinduriaz, adimenez eta zuhurtasunez beteak, erregearen jauregian zerbitzatzeko modukoak. Babiloniarren hizkera eta idazkera irakatsiko zizkieten.
5 Gainera, bere janari eta edari beretik emateko agindu zuen erregeak. Hiru urtez horrela hezi ondoren, erregearen zerbitzari izango ziren.
6 Aukeratuen artean, Judaren leinuko lau gazteok zeuden: Daniel, Hananias, Mixael eta Azarias.
7 Jauregiko funtzionarioburuak izen berriak eman zizkien: Danieli Beltxatzar izena eman zion, Hananiasi Xadrak, Mixaeli Mexak eta Azariasi Abed-Nego.
8 Baina Danielek, bere burua erregearen jan-edariz ez kutsatzea erabakia zuenez, janari kutsatu haietara ez behartzeko eskatu zion jauregiko funtzionarioburuari.