Daniel 2 EAB

Nabukodonosorren lehen ametsa

1 Gau batez, bere erregealdiko bigarren urtean, amets egin zuen Nabukodonosorrek. Erabat urduri utzi zuen ametsak, eta ezin izan zuen loak hartu.

2 Orduan, azti, igarle eta astrologoei dei egin zien, ametsaren esanahia azal ziezaioten.

3 Erregeagana aurkeztu zirenean, honek esan zien:—Amets egin dut, eta oso urduri nago esanahia jakin nahiz.

4 Erantzun zioten aztiek erregeari:—Bizi zaitez luzaroan, errege jauna! Kontaguzu ametsa zeure zerbitzarioi eta azalduko dizugu esanahia.

5 Erregeak esan zien:—Erabaki hau hartu dut: ametsa eta beronen esanahia argitzen eta azaltzen ez badizkidazue, txiki-txiki egingo zaituztet eta zuen etxeak zabortegi bihurtuko.

6 Argitzen eta azaltzen badizkidazue, ordea, emaitzez, erregaluz eta ohorez beteko zaituztet. Azaldu, beraz, ametsa eta beronen esanahia.

7 Aztiek, berriro ere, erregeari:—Errege jauna, kontaguzu zer amets egin duzun eta azalduko dizugu esanahia.

8 Baina erregeak:—Badakit luzatu nahirik zabiltzatela, nire erabakien berri badakizuelako.

9 Ametsa argitzen ez badidazue, zori bera izango duzue guztiok. Bat etorri zarete niri hitz zuri eta gezurrezkoak esateko, egoera aldatu zain. Esadazue berehala zein izan den ametsa. Horrela jakingo dut ametsaren esanahia ere azaltzeko gai zareten ala ez.

10 Aztiek erantzun zioten:—Errege jauna, ez dago munduan gizonik eskatzen duzuna egin dezakeenik. Inongo erregek, handiena eta ahaltsuena izanik ere, ez dio inoiz antzeko gauzarik eskatu igarle edo azti bati.

11 Gehiegizkoa da eskatzen duzuna: ezin dizu inork erantzunik eman, jainkoek izan ezik; baina jainkoak ez dira gizonen artean bizi.

12 Orduan, erregea haserre gorritan jarri zen, eta Babiloniako jakitun guztiak hiltzeko agindu zuen.

13 Agindua aldarrikatu zelarik, Danielen eta honen lagunen bila ere joan ziren.

Jainkoak Danieli erregearen ametsa adierazi

14 Ariok, erregearen guardiaburua, prest zegoen jakitunak hiltzen hasteko. Orduan, Danielek Ariokengana jo eta zentzuz hitz egin zion.

15 Erregeak hain epai gogorra zergatik eman zuen galdetzean, arrazoia azaldu zion Ariokek.

16 Daniel berehala joan zen erregeagana, eta denbora pixka bat emateko erregutu zion, ametsaren esanahia azaldu ahal izateko.

17 Gero, etxera itzuli eta gertatuaren berri eman zien bere lagun Hananias, Mixael eta Azariasi;

18 zeruko Jainkoari laguntza eskatzeko esan zien, misterioa argitu ahal izateko, Babiloniako beste jakitunekin batera hil ez zitzaten.

19 Gau hartan, ordea, ikuskari baten bidez misterioa argitu zion Jainkoak Danieli. Orduan, honela goretsi zuen Danielek Jainkoa:

20 «Bedeinkatua Jainkoa betikotasunean,bereak baititujakinduria eta ahalmena!

21 Berak aldatzen dituurtaroak eta garaiak;berak jartzen eta kentzen erregeak;berak ematen jakinduria jakintsueieta ezaguera burutsuei.

22 Berak azaltzen ditugauza sakon eta gordeak;berak ezagutzen ilunpetan dagoena,argiz inguratua baitago.

23 Eskerrak zuri, gorespen zuri,gure arbasoen aita,jakinduria eta ahalmenaeman baitizkidazu!Entzun duzu gure eskabideaeta ezagutarazi diguzuerregearen kezka».

Danielek erregearen ametsa azaldu

24 Ondoren, Daniel, Babiloniako jakitunak hiltzeko erregearen agindua hartua zuen Ariokengana joan zen, esanez: «Ez hil Babiloniako jakitunik! Aurkez nazazu erregeagana, neuk argituko baitiot ametsa».

25 Ariokek berehala eraman zuen Daniel erregeagana, eta esan zion honi: «Jauna, ametsaren esanahia azalduko omen dizun gizon bat aurkitu dut Judatik erbesteratuen artean».

26 Orduan, galdetu zion erregeak Danieli, Beltxatzar ere deituari:—Egia al da ametsa argitu eta esanahia azalduko didazula?

27 Danielek erantzun:—Errege jauna, ez dago jakitunik, ez aztirik, ez igarlerik edo astrologorik ametsaren misterioa azal diezazukeenik.

28 Bada, ostera, zeruan misterioak azaltzen dituen Jainkoa. Honexek jakinaraziko dizu, Nabukodonosor errege, gerora gertatuko dena. Hona, bada, lo zeundela ametsetan ikusi zenuena:

29 Ohean etorkizunaz pentsatzen hasi zinen, eta misterioak argitzen dituen Jainkoak zer gertatuko den eman dizu aditzera.

30 Niri dagokidanez, ez zait misterioa adierazi beste inor baino jakitunago naizelako, errege jaunari ametsaren esanahia azaltzeko baizik, eta bere barne-gogoetak argitzeko.

31 «Hauxe da ikusi duzuna, errege jauna: Irudi erraldoi bat zegoen, guztiz distiratsua eta itxura beldurgarrikoa.

32 Irudiaren burua urre finezkoa zen; bularra eta besoak zilarrezkoak; sabela eta izterrak brontzezkoak;

33 hankak burdinazkoak; oinak, berriz, burdinazko eta buztinezkoak.

34 Zu hari begira zeundela, harri bat atera zen menditik, inork ere bultzatu gabe, eta irudiaren burdinazko eta buztinezko oinak jo eta txiki-txiki egin zituen.

35 Une berean, burdina eta buztina ez ezik, brontzea, zilarra eta urrea ere hauts eginda gelditu ziren, eta haizeak eraman zituen, udan larraineko lastoa bezala, arrastorik ere utzi gabe. Bitartean, irudia jo zuen harria mendi handi bilakatu zen, eta mundu osoa bete zuen.

36 Horixe izan da zure ametsa, errege jauna. Orain, ametsaren esanahia azalduko dizut.

37 «Zeu zara denetan erregerik handiena. Zeuri eman dizkizu zeruko Jainkoak erregetza, agintea, ahalmena eta ohorea;

38 zure menpe utzi ditu gizon-emakumeak, piztiak eta hegaztiak, nonahi bizi direla ere; guztien nagusi egin zaitu. Urrezko burua zeu zara!

39 Zure ondoren, beste erreinu bat sortuko da, zurea baino txikiagoa. Gero hirugarren bat, brontzezkoa, mundu osoa menderatuko duena.

40 Laugarren erreinu bat ere izango da, burdina bezain gogorra; nola burdinak dena puskatu eta apurtzen duen, hala puskatu eta apurtuko ditu hark beste erreinuak.

41 «Ikusi duzunez, oinak eta behatzak burdinazkoak eta zeramika-buztinezkoak ziren; erreinua zatitua izango dela esan nahi du horrek. Izango du, bai, burdinaren gogortasunik ere, burdina buztinarekin nahasia baitago, ikusi duzun bezala.

42 Burdinaz eta buztinez egindako oinetako behatzek hauxe esan nahi dute: aldi berean indartsua eta ahula izango dela erreinua.

43 Eta burdina buztinarekin nahasia ikusteak beste hau ere adierazten du: ezkontzaz batuko direla erreinu horietako erregeak, baina ez dutela batasun iraunkorrik lortuko, burdinak eta buztinak elkarrekin bat egiten ez duten bezala.

44 «Errege horien garaian, erreinu bat ezarriko du zeruko Jainkoak: ez dute inoiz ere hondatuko eta haren agintea ez da beste herri baten eskuetara aldatuko. Beste guztiak suntsitu eta desagerturik ere, erreinu horrek betiko iraungo du.

45 Horixe esan nahi du, inork ere bultzatu gabe, menditik atera eta buztina, burdina, brontzea, zilarra eta urrea txikitzen ikusi duzun harriak. Horrela, errege, gerora gertatuko dena jakinarazi dizu Jainko handiak. Egia da ametsa, eta sinesgarria eman dizudan azalpena».

46 Orduan, Nabukodonosor erregeak, lurreraino ahuspezturik, ohore eman zion Danieli, eta opariak eta intsentsua eskaintzeko agindu zuen.

47 Gero, esan zion:—Egiaz jainko guztietan handiena da zuen Jainkoa; erregeen jaun da eta misterioen agertzaile, gauza izan baitzara zu misterioa niri agertzeko.

48 Berehala, ohore handiz eta erregalu ederrez bete zuen erregeak Daniel; Babilonia eskualdeko gobernari egin zuen eta erreinuko jakitun guztien buru goren.

49 Danielek eskaturik, Xadrak, Mexak eta Abed-Nego Babilonia eskualdeko administratzaile egin zituen erregeak. Daniel, aldiz, erregearen jauregian geratu zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12