1 «“Neuk ere lagundu eta suspertu nuen bera, Dario mediarraren erregealdiko lehen urtean.
2 Eta orain, hona agertu behar dizudan egiazko mezua:«“Begira, hiru errege izango dira oraindik Pertsian. Eta horien ondoren, aurrekoak baino aberastasun gehiago izango duen laugarren bat. Bere aberastasunek nahiko indarra emango diotenean, inon direnak egingo ditu Greziako erregeari erasotzeko.
3 Baina errege ausart bat sortuko da Grezian. Erreinu txit handia jaso eta nahi duena egingo du.
4 Hala ere, bere nagusitza nahiko finkatua dukeenean, zatitua eta ortziko lau ertzetara sakabanatua izango da. Ez dute errege haren jatorrikoek beraren oinordekotza hartuko; beste jende batzuen artean banatuko dute, eta ez du lehengo indarrik izango.
5 «“Hegoaldeko erregea ahaltsua izango da; haren gudalburuetako bat indartsuago egingo da, ordea, eta aginte handiagoa izango du.
6 Urte batzuen buruan elkartasuna egingo dute: hegoaldeko erregearen alaba iparraldeko erregearekin ezkonduko da, bakezkoak egiteko. Baina asmo honek porrot egingo du. Izan ere, bizia galduko dute, bai berak, baita beraren senar, seme eta zerbitzariek ere.
7 Hala ere, haren jatorriko bat jaikiko da. Iparraldeko erregearen gudarosteari erasoko dio, haren gotorlekua hartu eta menderatu egingo du.
8 Gainera, lurralde hartako jainkoen irudiak eta tenpluetako zilar eta urrezko ontzi baliotsuak Egiptora eramango ditu. Urte batzuetan bakean utziko du iparraldeko erregea.
9 Gero, honek egingo dio eraso berari, baina atzera egin beharrean gertatuko da.
10 «“Iparraldeko erregearen semeak gerrarako prestatuko dira, gudaroste handiak bilduz. Seme horietako bat uholde baten antzera sartuko da bere gudariekin hegoaldeko mugetan barrena. Itzultzean, etsaiaren gotorleku bati erasoko dio.
11 Amorru bizian, kontraerasoa antolatuko du hegoaldeko erregeak iparraldekoaren kontra. Honek gudaroste handi batekin egingo dio aurre, baina haren menpe eroriko da gudarostea.
12 Iparraldeko gudarostea suntsitzean, hegoaldeko erregea harropuztu egingo da; baina, etsaiari milaka gudari hilagatik, ez du luzaroan iraungo agintean.
13 Urte batzuk geroago, iparraldeko erregeak lehen baino gudaroste handiagoa bildu eta berriro erasoko dio guda-tresna ugariz.
14 Garai hartan asko jaikiko dira hegoaldeko erregearen aurka; haien artean zure herriko gizon oldarkor batzuk ere bai, goi-ikuskariren bat betetzen dutelakoan, baina porrot egingo dute.
15 Iparraldeko erregea izango da berriro erasoan eta hiri gotor bat hartuko du. Hegoaldeko indarrek ezin izango diote aurre egin, ezta gudari aukeratuenek ere.
16 Nahi duena egingo du iparraldekoak, ezin izango baitio inork eutsi. Lurralde Guztiz Ederrean geratuko da, hondamena ekarriz.
17 Bere indar guztiekin hegoaldeko erreinuaz jabetzea erabakiko du. Horretarako, hegoaldeko erregearekin hitzarmena egingo du, alaba emaztetzat emanez, haren erreinua hondatzeko asmoz; baina ez du lortuko bere xedea.
18 Gero, kostaldeko lurraldeetara joko du eta haietako asko hartuko ditu menpean; baina atzerriko buruzagi batek bukaraziko ditu haren harrokeriak, eta berak erantzuterik ez du izango .
19 Orduan, bere herrialdeko gotorlekuak hartzera joango da, baina arrakastarik gabe; bertan eroriko da, eta arrastorik ere utzi gabe desagertuko.
20 Beste errege bat izango da haren ordez; honek ordezkari bat bidaliko du Jerusalemgo tenpluko altxorraz jabetzera; denbora gutxiren barruan hau ere hil egingo dute, baina ez jendearen aurrean, ezta gerratean ere.
21 «“Honen ondoren gizon zital bat etorriko da, errege izateko eskubiderik gabea. Maltzurkeriaz eta azpikeriaz jabetuko da erreinuaz.
22 Erasoko dioten gudaroste guztiak suntsituko ditu, eta itunaren herriko buruzagi bat ere hilko du.
23 Aldeko dituenez baliatuz eta maltzurkeriaz jokatuz, gero eta indartsuago egingo da, berekin lagun gutxi izanik ere.
24 Inork gutxien uste duenean, eskualdeko lurrik aberatsenetara sartuko da eta beraren arbasoak egiten ausartu ez zirena egingo du: bere gizonen artean banatuko ditu lapurtutako harrapakinak eta aberastasunak. Azpijokoz gotorlekuak hartzeko asmotan ibiliko da. Baina denbora gutxirako izango da.
25 «“Bere indar eta ausardiaz fidaturik, hegoaldeko erregeari erasoko dio gudaroste handi batez. Hegoaldeko erregea, berriz, gudaroste guztiz handiarekin aterako zaio aurka; baina honek ezin izango dio aurre egin, haren azpijokoek hondatuko dute eta;
26 laguntzailerik gertukoenek salduko dute, beraren gudarostea hondatua izango da eta gudari asko hilak.
27 Gero, mahaian eseriko dira bi erregeak; baina asmo txarrez beterik egongo direnez, gezurra besterik ez diote elkarri esango. Ez dute ezer onik aterako, ez baita artean azken epea betea izango.
28 Iparraldeko erregea bere lurraldera itzuliko da aberastasun handirekin, eta itun santuko herria hondatzea erabakiko du, eta, erabakia betetzean, bere herrira itzuliko da.
29 «“Bere garaian, hegoaldeko erreinuaren aurka joango da berriro; baina orduan ez zaizkio aterako gauzak lehen bezala.
30 Mendebaldetik erromatarren itsasontziek erasoko diote. Adorea galdurik, atzera egin beharko du; orduan, itun santuko herriaren aurka hustuko du bere amorrua; horretarako, itun santua alde batera utzi dutenen laguntzaz baliatuko da.
31 Santutegia eta tenpluko gotorlekua profanatu egingo dituzte haren gudariek, eguneroko oparia kendu eta idolo higuingarria ezarriko aldare gainean.
32 Bide okerrera eramango ditu zurikeriazko promesez ituna hautsi dutenak. Baina sendo iraungo dute eta gogor ekingo Jainkoa aintzakotzat hartzen dutenek.
33 Herriko jakintsuek jende askori irakatsiko diote; baina epe baten barruan, hil edo erre egingo dituzte, gatibu eraman edo ondasunak kendu.
34 Laguntza gutxi hartuko dute erasoaldi hauetan, elkartuko zaizkienek ere maltzurkeriaz jokatuko baitute.
35 Jakintsuen artetik batzuk erortzen badira, azkenaldia heldu aurretik herria probatzeko, garbitzeko eta berritzeko izango da, epea erabakia baitago.
36 «“Nahi duena egingo du iparraldeko erregeak. Harrokeriaz puzturik, jainkoak baino handiagoa dela pentsatuko du eta irain izugarriak botako ditu jainkoen Jainkoaren aurka. Ongi aterako zaio dena, Jainkoaren zigorra iritsiko den arte. Beteko baita erabakita dagoena.
37 Errege honek ez die izango begirunerik beraren arbasoek gurtu zituzten jainkoei, ez emakumeek begiko duten jainkoari, ezta beste edozein jainkori ere; jainko guztiak baino handiagotzat joko baitu bere burua.
38 Horien ordez, gotorlekuetako jainkoa gurtuko du, eta beraren gurasoek ezagutu ez zuten jainkoari urrea, zilarra, harribitxiak eta gauzarik baliotsuenak eskainiko dizkio.
39 Jainko arrotz horren laguntzaz erasoko die gotorlekuei. Ohorez beteko ditu jainko hori onartzen dutenak, jende askoren agintari egingo ditu eta lurrak emango dizkie sari.
40 «“Azken garaia iristean, hegoaldeko erregeak erasoko dio; baina iparraldeko erregea gainera jausiko zaio gurdi, zaldizko eta itsasontzi askorekin; uholdea bezala igaroko da.
41 Lurralde Guztiz Ederrera ere iritsiko da, eta jende asko eroriko da bertan; edomdarrak, moabdarrak eta amondarren buruzagiak, ordea, libratu egingo dira.
42 Beste lurraldeetara ere zabalduko du bere agintea, Egipto bera ere ez da libratuko.
43 Egiptoko urre, zilar eta altxor guztien jabe egingo da. Libiarren eta etiopiarren txanda izango da hurrengoa.
44 Baina iparraldetik eta ekialdetik etorriko zaizkion albisteek asaldatu egingo dute; orduan, amorru bizian irtengo da jende asko suntsitzeko asmoz.
45 Itsasoaren eta mendi santu ederraren artean jarriko du errege-kanpalekua. Hantxe iritsiko zaio azkena; ez zaio etorriko inortxo ere laguntzera.