1 Belxatzar erregeak mila goi-funtzionario gonbidatu zituen otordu handi baterako, eta haiekin batera ardoa edaten hasi zen.
2-3 Ardoak beroturik, bere aita Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik hartu zituen urre eta zilarrezko ontziak ekartzeko agindu zuen, bere funtzionario, emazte eta ohaideekin batera beraietatik edateko asmoz. Ekarri zituzten, bada, Jerusalemgo Jainkoaren etxetik hartutako urre eta zilarrezko ontziak eta guztiek beraietatik edan zuten.
4 Ardoa edaten zuten bitartean, urre, zilar, brontze, burdina, zur eta harrizko jainko-irudiak goresten hasi ziren.
5 Bat-batean, giza esku bat agertu zen eta aretoko paretan, argimutilaren atzean, behatzez idazten hasi zen. Idazten ari zen eskua ikustean,
6 zuri-zuri jarri zen erregea eta, bere burutazioek beldurturik, indarrik gabe eta belaunak dardaraz gelditu zen.
7 Deiadarka hasi zen, aztiak, astrologoak eta igarleak ekartzeko aginduz. Honela esan zien: «Hor idatzia eta berorren esanahia azalduko didana purpuraz jantziko dut, lepoan urrezko katea jarriko diot eta agintez hirugarrena izango da nire erreinuan».
8 Aurkeztu ziren, bada, erregearen zerbitzura zeuden jakitun guztiak; baina ez ziren idatzia irakurtzeko gauza izan, ezta haren esanahia erregeari azaltzeko ere.
9 Izu-ikaraturik zegoen Belxatzar eta erabat zurbildurik. Funtzionarioak ere guztiz izuturik zeuden, zer egin ez zekitela.
10 Ama erreginak entzun zituen erregearen eta funtzionarioen deiadarrak eta, otorduko aretoan sarturik, esan zuen: «Bizi zaitez luzaro, jauna! Ez zaitzatela zeure burutazioek izutu; ez daukazu zertan zurbildurik.
11 Badago zure erreinuan jainko santuen espiritua duen gizon bat. Zure aitaren garaian, jainkoek bakarrik dauzkaten buru argia, trebetasuna eta jakinduria aurkitu genituen delako horrengan. Hain zuzen, zure aita Nabukodonosorrek aztien, igarleen eta astrologoen buru izendatu zuen bera.
12 Berebiziko espiritua, ezaguera eta trebetasuna ditu ametsen esanahia argitzeko, asmakizunak igartzeko eta gauza korapilotsuak erabakitzeko. Daniel da, erregeak Beltxatzar izena ezarri ziona. Ekar ezazu, bada, gizon hori: berak azalduko dizu idatziaren esanahia».
13 Ekarri zuten, bada, Daniel erregeagana eta honek galdetu zion:—Zu al zaitugu Daniel, nire aitak Judatik gatibu ekarri zituen juduetakoa?
14 Jainkoen espiritua duzula eta berebiziko buruargitasun, trebetasun eta jakinduriaren jabe zarela entzun dut.
15 Arestian ekarri ditut jakitun eta aztiak, hor idatzirik dagoena irakurri eta esanahia azal diezadaten; baina ez dira gauza izan.
16 Zuk ba omen dakizu honelako asmakizunak igartzen eta gauza korapilatsuak erabakitzen. Hor idatzia irakurri eta esanahia azaltzen badidazu, purpuraz jantziko zaitut, lepoan urrezko katea jarriko, eta agintez hirugarrena izango zara nire erreinuan.
17 Danielek erantzun zion:—Errege jauna, ez dut erregalu edo sari beharrik, gorde zeuretzat edo eman besteren bati. Baina hor idatzia irakurriko dizut eta esanahia azalduko.
18 Goi-goiko Jainkoak errege handi egin zuen Nabukodonosor zure aita, ohore eta aintzaz jantzia.
19 Eta Jainkoak emaniko handitasun horrengatik, herri, nazio eta hizkuntza guztietako jendea beldur zen haren aurrean. Izan ere, bere nahierara ematen zuen heriotza edo bizia, bere nahierara jasotzen edo beheratzen.
20 Baina harrokeriaz eta handiustez bete zen, eta erregetzatik eraitsi egin zuten eta bere aintza galdu zuen.
21 Gizartetik bota egin zuten eta basapiztien antzeko bihurtu zen: basastoekin bizi izan zen, belarra jaten zuen idiek bezala eta haren gorputza ihintzak bustitzen. Horrela bizi izan zen, goi-goiko Jainkoa dela giza erreinu guztien jabea eta berak nahi duena ezartzen duela errege aitortu zuen arte.
22 Eta zuk, Belxatzar, haren semeak, hori guztia jakin arren, ez duzu zeure burua apaldu nahi izan.
23 Zeruko Jauna mespretxatu duzu, haren tenpluko ontziak ekarri eta zeure funtzionario, emazte eta ohaideekin ardoa edateko erabiliz. Bitartean, zilar, urre, brontze, burdina, zur eta harriz eginiko jainko-irudiak, ezer ikusten, entzuten eta ulertzen ez dutenak, goretsi dituzu; baina ez duzu goretsi zure bizia eta etorkizuna bere esku dituen Jainkoa, diren guztiak egin dituena.
24 Horregatik bidali du Jainkoak esku hori hitzok idaztera.
25 Idatzirik dagoena hauxe da: MENE, MENE, TEKEL, PARSIN.
26 Hitzen esanahia, berriz, hauxe: MENEk «zenbatua» esan nahi du, hau da, zenbatu ditu Jainkoak zure erregetzako egunak eta muga ipini die;
27 TEKELek «pisatua» esan nahi du, hau da, pisuan pisatu zaituzte eta urri aurkitu;
28 PARSINek «zatitua» esan nahi du, hau da, zure erreinua zatitua izan da eta mediarrei eta pertsiarrei emana.
29 Orduan, Daniel purpuraz janzteko eta lepoan urrezko katea jartzeko agindu zuen Belxatzarrek, eta agintez hirugarren zela erreinuan aldarrikatu zuen.
30 Gau hartan bertan hil zuten Belxatzar Babiloniako erregea.