32 Bide okerrera eramango ditu zurikeriazko promesez ituna hautsi dutenak. Baina sendo iraungo dute eta gogor ekingo Jainkoa aintzakotzat hartzen dutenek.
33 Herriko jakintsuek jende askori irakatsiko diote; baina epe baten barruan, hil edo erre egingo dituzte, gatibu eraman edo ondasunak kendu.
34 Laguntza gutxi hartuko dute erasoaldi hauetan, elkartuko zaizkienek ere maltzurkeriaz jokatuko baitute.
35 Jakintsuen artetik batzuk erortzen badira, azkenaldia heldu aurretik herria probatzeko, garbitzeko eta berritzeko izango da, epea erabakia baitago.
36 «“Nahi duena egingo du iparraldeko erregeak. Harrokeriaz puzturik, jainkoak baino handiagoa dela pentsatuko du eta irain izugarriak botako ditu jainkoen Jainkoaren aurka. Ongi aterako zaio dena, Jainkoaren zigorra iritsiko den arte. Beteko baita erabakita dagoena.
37 Errege honek ez die izango begirunerik beraren arbasoek gurtu zituzten jainkoei, ez emakumeek begiko duten jainkoari, ezta beste edozein jainkori ere; jainko guztiak baino handiagotzat joko baitu bere burua.
38 Horien ordez, gotorlekuetako jainkoa gurtuko du, eta beraren gurasoek ezagutu ez zuten jainkoari urrea, zilarra, harribitxiak eta gauzarik baliotsuenak eskainiko dizkio.