34 Laguntza gutxi hartuko dute erasoaldi hauetan, elkartuko zaizkienek ere maltzurkeriaz jokatuko baitute.
35 Jakintsuen artetik batzuk erortzen badira, azkenaldia heldu aurretik herria probatzeko, garbitzeko eta berritzeko izango da, epea erabakia baitago.
36 «“Nahi duena egingo du iparraldeko erregeak. Harrokeriaz puzturik, jainkoak baino handiagoa dela pentsatuko du eta irain izugarriak botako ditu jainkoen Jainkoaren aurka. Ongi aterako zaio dena, Jainkoaren zigorra iritsiko den arte. Beteko baita erabakita dagoena.
37 Errege honek ez die izango begirunerik beraren arbasoek gurtu zituzten jainkoei, ez emakumeek begiko duten jainkoari, ezta beste edozein jainkori ere; jainko guztiak baino handiagotzat joko baitu bere burua.
38 Horien ordez, gotorlekuetako jainkoa gurtuko du, eta beraren gurasoek ezagutu ez zuten jainkoari urrea, zilarra, harribitxiak eta gauzarik baliotsuenak eskainiko dizkio.
39 Jainko arrotz horren laguntzaz erasoko die gotorlekuei. Ohorez beteko ditu jainko hori onartzen dutenak, jende askoren agintari egingo ditu eta lurrak emango dizkie sari.
40 «“Azken garaia iristean, hegoaldeko erregeak erasoko dio; baina iparraldeko erregea gainera jausiko zaio gurdi, zaldizko eta itsasontzi askorekin; uholdea bezala igaroko da.