24 Ondoren, Daniel, Babiloniako jakitunak hiltzeko erregearen agindua hartua zuen Ariokengana joan zen, esanez: «Ez hil Babiloniako jakitunik! Aurkez nazazu erregeagana, neuk argituko baitiot ametsa».
25 Ariokek berehala eraman zuen Daniel erregeagana, eta esan zion honi: «Jauna, ametsaren esanahia azalduko omen dizun gizon bat aurkitu dut Judatik erbesteratuen artean».
26 Orduan, galdetu zion erregeak Danieli, Beltxatzar ere deituari:—Egia al da ametsa argitu eta esanahia azalduko didazula?
27 Danielek erantzun:—Errege jauna, ez dago jakitunik, ez aztirik, ez igarlerik edo astrologorik ametsaren misterioa azal diezazukeenik.
28 Bada, ostera, zeruan misterioak azaltzen dituen Jainkoa. Honexek jakinaraziko dizu, Nabukodonosor errege, gerora gertatuko dena. Hona, bada, lo zeundela ametsetan ikusi zenuena:
29 Ohean etorkizunaz pentsatzen hasi zinen, eta misterioak argitzen dituen Jainkoak zer gertatuko den eman dizu aditzera.
30 Niri dagokidanez, ez zait misterioa adierazi beste inor baino jakitunago naizelako, errege jaunari ametsaren esanahia azaltzeko baizik, eta bere barne-gogoetak argitzeko.