18 Ene Jainko, entzun eta begira: ikusi zeuri sagaraturiko hiriaren hondamena. Ez dizkizugu egiten erreguok ezer merezi dugulakoan, zure errukia handia delako baizik.
19 Entzun, Jauna! Barkatu, Jauna! Begira, Jauna! Zarena zarelako, ekin luzatzeke zeuri sagaraturiko hiri eta herri honen alde.
20 «Artean otoitzean ari nintzen, neure bekatuak eta Israelenak aitortzen, eta Jaunari, neure Jainkoari, bere mendi santuaren alde erreguka.
21 Eta bat-batean, aurreko ikuskarian agertu zitzaidan Gabriel aingerua bera etorri zitzaidan hegan. Arratsaldeko oparia eskaintzen den ordua zen.
22 Honela esan zidan:«Daniel, ulertzen laguntzera etorri natzaizu.
23 Zu otoitzean hasi bezain laster, mezu bat eman du Jainkoak, eta horren berri ematera natorkizu, bereziki maite baitzaitu Jainkoak. Ahalegin zaitez, beraz, mezua eta ikuskariaren esanahia ulertzen.
24 «Zazpi urteko hirurogeita hamar denboraldi daude erabakita zure herriarentzat eta hiri santuarentzat. Beharrezkoa da denboraldi hori, errebeldiari amaiera emateko, bekatuen barkamena lortzeko eta zuzentasun iraunkorra ezartzeko, ikuskariak eta profeziak beren betera eramateko eta toki santu-santua sagaratzeko.