2 Haren erregealdiko lehen urtean, ni, Daniel, Liburu Santuak aztertzen ari nintzen, Jaunak Jeremiasi esan zion hura ulertu nahian, hau da, Jerusalem hirurogeita hamar urtez egongo zela hondatua.
3 Jainko Jaunarengana itzuli nintzen eta otoitz eta erreguak zuzendu nizkion, barau eginez, dolu-jantzia hartuz eta burua hautsez estaliz.
4 Otoitz egin nion Jaunari, neure Jainkoari, eta bekatuak aitortu nizkion, esanez:«Jauna, Jainko handi eta ikaragarria, zuk itunari eusten diozu eta leiala zara maite zaituztenekin eta zure aginduak betetzen dituztenekin.
5 Baina guk bekatu egin dugu, gaiztoak izan gara eta zure aurka atera, zure agindu eta erabakietatik urrunduz.
6 Ez diegu jaramonik egin zure zerbitzari profetei, zure izenean gure errege eta buruzagiei, gure arbaso eta herri osoari hitz egin dietenean.
7 Jauna, zu bakarrik zuzena! Gu, ordea, lotsa gorrian gaude: Jerusalemgo bizilagunok, Judako herria, israeldar guztiak, hemen bizi garenok eta urrutikoak, zurekiko desleial izateagatik beste lurraldeetara sakabanatu dituzunak.
8 «Bai, Jauna, lotsaturik gaude, geu eta gure erregeak, gure buruzagi eta gurasoak, bekatu egin baitugu zure aurka!