22 Honela esan zidan:«Daniel, ulertzen laguntzera etorri natzaizu.
23 Zu otoitzean hasi bezain laster, mezu bat eman du Jainkoak, eta horren berri ematera natorkizu, bereziki maite baitzaitu Jainkoak. Ahalegin zaitez, beraz, mezua eta ikuskariaren esanahia ulertzen.
24 «Zazpi urteko hirurogeita hamar denboraldi daude erabakita zure herriarentzat eta hiri santuarentzat. Beharrezkoa da denboraldi hori, errebeldiari amaiera emateko, bekatuen barkamena lortzeko eta zuzentasun iraunkorra ezartzeko, ikuskariak eta profeziak beren betera eramateko eta toki santu-santua sagaratzeko.
25 Hauxe da jakin eta ulertu behar duzuna: Erbestetik itzuli eta Jerusalem berreraikitzeko mezua agertu zenetik buruzagi sagaratua agertu arte, zazpi urteko zazpi denboraldi igaroko dira; zazpi urteko hirurogeita bi denboralditan erbestetik etorri eta hiria eta honen kale eta harresiak egingo dituzte, baina garai zailak izango dira.
26 Hirurogeita bi denboraldien buruan gizon sagaratu bat hilko dute, inork ere lagunduko ez diolarik. Gero, buruzagi bat etorriko da bere gudarostearekin, hiria eta santutegia erraustuz. Uholde baten antzera etorriko da azkena. Gerrak eta hondamena izango dira ordu arte, Jainkoak erabaki bezala.
27 «Buruzagiak ituna egingo du jende askorekin zazpi urteko denboraldian. Denboraldi honen erdian geldiaraziko ditu sakrifizioa eta eskaintza; ikaragarrizko idolo higuingarria ezarriko du aldare gainean, hondatzaileari ere erabakitako azkena iritsi arte».