1 Ene senideok, ezin elkartuak dira Jesu Kristo gure Jaun aintzatsuagan duzuen fedea eta pertsonen artean bereizkeria egitea.
2 Eman dezagun, esate baterako, zuen batzarrean bi gizon sartzen direla, bata aberatsa, urrezko eraztunez eta dotore jantzia, eta bestea pobrea, zarpail jantzia;
3 eta dotore jantzitakoari sekulako begiramenez esaten diozuela: «Zatoz, jar zaitez hemen, ohorezko tokian»; pobreari, berriz: «Hago hi hor zutik», edo: «Jar hadi lurrean, nire oinazpikoaren ondoan»;
4 horrela jokatuz, ez al zarete zeuen artean bereizkeriak egiten ari, eta ez al duzue irizpide okerrez epaitzen?
5 Adizue, nire senide maiteok: Ez ote ditu hautatu Jainkoak munduaren begitan pobre direnak, sinesmenez aberats izateko eta bera maite dutenei agindutako erreinua ondaretzat jasotzeko?
6 Zuek, berriz, lotsaz betetzen duzue pobrea. Ez ote dira aberatsak zuek zapaltzen eta auzitegira eramaten zaituztetenak?