Josue 10 EABD

Amortarren erregeak Gabaon hiriaren aurka

1 Aldi hartan, Adoni-Tzedek zeritzan Jerusalemgo erregeak jakin zuen Josuek Ai hiria hartu eta erabat suntsitu zuela, Ai hiriari eta bertako erregeari, lehen Jerikori eta bertako erregeari egindakoa bera eginez. Jakin zuen, orobat, Gabaongo bizilagunek bake-hitzarmena egin zutela israeldarrekin eta beraiekin elkartu zirela.

2 Hori jakitean, biziki beldurtu zen, hiri handia baitzen Gabaon, errege-hiriburuetako bat bezainbatekoa, Ai baino handiagoa, eta hango gizonak gudari adoretsu baitziren.

3 Adoni-Tzedekek mandatariak bidali zituen Hebrongo errege Hoham, Jarmuteko errege Piram, Lakixeko errege Jafia eta Eglongo errege Debir-engana, esatera:

4 «Zatozkidate laguntzera. Eraso egin behar diogu Gabaon hiriari, Josuerekin eta israeldarrekin bake-hitzarmena egin du eta».

5 Bost errege amortarrok —Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongo erregeek— elkarturik, beren gudarosteekin joan, Gabaon inguratu eta eraso egin zioten.

6 Orduan, Gabaongoek mandatariak bidali zizkioten Josueri Gilgaleko kanpalekura, eskari honekin: «Ez gaitzazu utz laguntzarik gabe zeure zerbitzariok. Zatozkigu bizkor salbatzera, lagun iezaguzu, mendialdean bizi diren errege amortar guztiak gure kontra elkartu baitira».

7 Josue, gudaroste osoa, bere gudari adoretsuak, harturik, abiatu egin zen Gilgaldik.

8 Jaunak esan zion: «Ez izan horien beldur, zure menpe utzi baititut. Horietako batek ere ezin izango dizu aurre egin».

9 Gilgaldik atera eta, gau osoan ibili ondoren, ustekabean eraso zien Josuek errege amortarrei.

10 Jaunak ihes eragin zien israeldarren aurretik, eta hauek erabat garaitu zituzten amortarrak Gabaonen. Gero, Bet-Horon aldapako bidean pertsegitu eta Azeka eta Makedaraino porrokatu zituzten.

11 Israeldarrengandik ihesi Bet-Horon aldapan behera zihoazelarik, Jaunak izugarrizko kazkabarra bota zien amortarrei gainera, Azekara heldu ziren arte, eta asko hil ziren. Jende gehiago hil zuen kazkabar-harriak israeldarren ezpatak baino.

Josuek eguzkia geldiarazi

12 Jaunak amortarrak israeldarren eskura eman zituen egun hartan, Josuek Jaunari otoitz egin zion, israeldarren aurrean oihukatuz:«Eguzki, geldi Gabaon gainean,eta zu, ilargi,Aialon haran gainean!»

13 Eta eguzkia gelditu egin zen, eta ilargia toki berean tinko egon, herria bere etsaiez mendekatu zen arte. Gertakari hau «Zintzoaren Liburuan» dago idatzia. Eguzkia geldi egon zen ortziaren erdian eta egun osoan ez zuen sartzeko presarik izan.

14 Ez zen aurretik izan, ezta geroztik ere izango, egun hura bezalakorik: egun hartan Jaunak gizon baten esana egin zuen, Israelen alde borrokan ari baitzen Jauna.

15 Ondoren, Josue israeldar guztiekin Gilgaleko kanpalekura itzuli zen.

Bost errege amortarrak Makedako leize-zuloan

16 Bost errege amortarrak, ihes egin eta Makedan, leize-zulo batean, gorde ziren.

17 Josueri jakinarazi zioten:—Makedan aurkitu ditugu bost erregeak, leize-zulo batean gordeta.

18 Josuek agindu zuen: «Eraman biraka harri handi batzuk leize-ahoraino eta ezarri bertan zaintzaileak.

19 Eta zuek ez egon hor geldirik. Zoazte etsaien ondoren eta moztu ihesbideak; ez utzi beren hirietan sartzen, Jaunak, zeuen Jainkoak, eskura eman dizkizue eta».

20 Horrela, Josuek eta israeldarrek sarraski handia egin zuten etsaien artean, ia denak hiltzeraino. Hala ere, batzuek ihes egin zieten eta beren hiri gotorretan babestu ziren.

21 Israeldar gudariak onik itzuli ziren Josuerengana, Makedako kanpalekura. Inor ez zen israeldarren kontra hitzik ere egitera ausartu.

22 Gero, Josuek agindu zuen: «Ireki leize-zuloko ahoa eta ekarri niregana bost errege horiek».

23 Halaxe egin zuten. Bost erregeak —Jerusalem, Hebron, Jarmut, Lakix eta Eglongoa— leize-zulotik atera

24 eta Josuerengana eraman zituzten. Josuek israeldar guztiei dei egin eta guduan berarekin ibilitako gudalburuei agindu hau eman zien: «Hurbil zaitezte eta zapaldu errege hauei lepoa». Halaxe egin zuten.

25 Josuek, berriro: «Ez izan beldurrik, ez kikildu! Izan bihotz eta adore, horrelaxe erabiliko baititu Jaunak zuek borrokatuko dituzuen etsai guztiak».

26 Ondoren, Josuek hil egin zituen bost erregeak eta zuhaitz banatatik zintzilik ezarri arratsa arte.

27 Eguzkia sartzean, zuhaitzetatik eraisteko eta gorderik egon ziren leize-zulora botatzeko agindu zuen Josuek. Gero, harri handiak ezarriz, itxi egin zuten leize-ahoa. Han dira oraindik ere harriak.

Josuek Kanaan hegoaldeko hiriak hartu

28 Egun berean, Josuek Makeda hiria hartu zuen. Erabat suntsitu zuten hiria, eta erregea eta bizilagunak ezpataz hil zituzten; ez zuten bat ere bizirik utzi, eta Makedakoari Jerikoko erregeari egindakoa bera egin zioten.

29 Makedatik Libnara jo zuen Josuek israeldar guztiekin eta eraso egin zion.

30 Eskura eman zien Jaunak israeldarrei hiri hura ere. Erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten; ez zuten bat ere bizirik utzi, eta erregeari Jerikokoari egindakoa bera egin zioten.

31 Libnatik Lakixera jo zuen Josuek israeldar guztiekin; hiria inguratu eta eraso egin zion.

32 Jaunak eskura eman zien hiria eta setioaren bigarren egunean hartu zuten; bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten, Libnan bezala.

33 Horam, Gezerko erregea, Lakixi laguntzera etorri zen; baina Josuek garaitu egin zituen bera eta beraren gudaroste osoa, bat ere bizirik utzi gabe.

34 Lakixetik Eglonera jo zuen Josuek israeldar guztiekin; hiria inguratu eta

35 egun berean hartu zuen. Bizilagun guztiak ezpataz hil zituzten, Lakixen bezala.

36 Eglondik Hebronera jo zuen Josuek israeldar guztiekin, eta eraso egin zion.

37 Hiria hartu eta erabat suntsitu zuten, eta erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil; inguruetako herrixkak ere hartu zituzten eta bizilagunak hil; ez zuten bat ere bizirik utzi, Eglonen bezala.

38 Gero, Debir hirira jo zuen Josuek israeldar guztiekin, eta eraso egin zion.

39 Hiria eta inguruetako herrixkak hartu eta erabat suntsitu zituzten, eta erregea eta bizilagun guztiak ezpataz hil, bat ere bizirik utzi gabe. Hebron eta Libnari eta beraietako erregeei egindakoa bera egin zien Debir hiriari eta bertako erregeari ere.

40 Honela, Josue lurralde osoaz jabetu zen: mendialdeaz, Negev basamortuaz, Xefela lautadaz eta alderdi menditsuez, eta errege guztiak hil zituzten. Erabat suntsitu zituen bizidun guztiak, bat ere utzi gabe, Jaunak, Israelen Jainkoak, agindu bezala.

41 Kadex-Barnea eta Gazatik Goxen eta Gabaonerainoko lurralde osoaz jabetu zen.

42 Ekitaldi bakar batean garaitu zituen Josuek errege haiek guztiak eta beraien herrialdeak, Jauna, Israelen Jainkoa, ari baitzen Israelen alde borrokan.

43 Ondoren, Gilgaleko kanpalekura itzuli zen Josue israeldar guztiekin.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24