Josue 9 EABD

Gabaongo bizilagunen amarrukeria

1 Jakin zuten horren guztiaren berri Jordanez mendebaldera —mendialdean, lautadan eta kostaldean, Libanoraino— bizi ziren erregeek, hititen, amortarren, kanaandarren, periztarren, hibiarren eta jebustarren erregeek.

2 Eta denek bat egin zuten, Josue eta Israel herriaren kontra borrokatzeko.

3 Gabaon hiriko bizilagun hibiarrek, ordea, Josuek Jeriko eta Ai hiriei egina jakitean,

4 amarrukeriaz jokatu zuten: biderakoak hartu eta zaku zaharrak eta ardo-zahagi zahar urratu eta adabakiz josiak bota zizkieten astoei bizkarrera;

5 oinetako zahar eta birjosiak jantzi zituzten oinetan eta zarpa zaharrak soinean; zeramaten ogia gogorra eta apur egina zegoen.

6 Gisa horretan, Josuerengana Gilgaleko kanpalekura joan eta berari eta gainerako israeldarrei esan zieten:—Urrutitik gatoz, gurekin bake-hitzarmena egin dezazuen eskatzera.

7 Israeldarrek ihardetsi zieten hibiarrei:—Nork daki inguru hauetakoak ez ote zareten? Nola egin hitzarmena zuekin?

8 Haiek, ordea, esan zioten Josueri:—Zeure zerbitzari gaituzu.Josuek galdegin zien:—Zein zarete eta nondik zatozte?

9 Haiek erantzun zioten:—Oso urrutitik gatoz, entzuna baitugu Jaunaren, zure Jainkoaren, izen handiaren berri. Jakin dugu Egipton egin zuena

10 eta Jordanez ekialdeko bi errege amortarrei —Hexbongo errege Sihoni eta Axtaroten bizi zen Baxango errege Ogi— egin diena.

11 Gure herrialdeko arduradunek eta jendeak mandatu hau eman ziguten: «Hartu biderakoak eta zoazte israeldarrengana. Esan beren zerbitzari gaituztela; egiteko, beraz, bake-hitzarmena gurekin».

12 Begira gure ogiari: zuengana etortzeko etxetik atera ginenean, bero-beroa zegoen; orain, gogorra eta apur egina dago.

13 Ardo-zahagi hauek berriak ziren bete genituenean, eta orain urratuak daude. Gure jantzi eta oinetakoak ere zarpaildu egin zaizkigu hain bide luzean.

14 Orduan, israeldarrek onartu egin zuten gabaondarrek eskainitako janaria, egin behar zutenaz Jaunari kontsulta egin gabe.

15 Josuek bake-hitzarmena egin zuen haiekin, bizia errespetatuko ziela aginduz. Elkarte-arduradunek ere zin egin zieten.

Israeldarrek amarrukeriari antzeman

16 Hitzarmena egin eta handik hiru egunera, ordea, israeldarrek jende hura inguru hartan bizi zela eta auzoko zutela jakin zuten.

17 Izan ere, abiatu egin ziren israeldarrak eta hirugarren egunean jende hura bizi zen hirietara heldu ziren, Gabaon, Kefira, Beerot eta Kiriat-Jearim hirietara.

18 Hala ere, israeldarrek ez zituzten hil, elkarte-arduradunek Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, bizia errespetatzeko zina egina baitzieten. Orduan, elkarte osoa marmarrean hasi zen arduradunen kontra.

19 Hauek esan zioten elkarteari: «Zin egin genien Jaunaren, Israelen Jainkoaren, izenean, eta ezin diegu orain kalterik egin.

20 Horra zer egingo dugun: Egin diegun zinarengatik, bizirik utziko ditugu, Jainkoak zigor ez gaitzan.

21 Bizi daitezela! Baina egurgile eta ur-ekarle izango dira elkarte osoarentzat». Horrela, eutsi egin zioten arduradunek gabaondarrei emandako hitzari.

22 Josuek gabaondarrei dei egin eta esan zien:—Zergatik engainatu gaituzue urruti bizi zinetela esanez, hemen, gure artean, bizi zaretelarik?

23 Madarikatuak izan zaiteztela! Esklabo izango zarete betiko: ene Jainkoaren etxerako egurra egin eta ura ekarri beharko duzue.

24 Haiek ihardetsi zioten Josueri:—Ongi genekien Jaunak, zure Jainkoak, bere zerbitzari Moisesi agindu ziona: lurralde hau osorik zuei emateko eta zuek, hona heltzean, hemengo bizilagun guztiak suntsitzeko. Erabat izutuak geunden, hilko gintuzuen beldurrez, eta horregatik jokatu dugu horrela.

25 Orain zeure esku gaituzu: egiguzu on eta zuzen iruditzen zaizuna.

26 Hala egin zuen Josuek. Libratu egin zituen israeldarren eskuetatik, hil ez zitzaten;

27 baina elkarte osoarentzako eta Jaunaren aldarerako, Jaunak aukeratuko zuen tokian, egurgile eta ur-ekarle izatera behartu zituen. Eta eginkizun hori bera dute gaur egun ere.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24