Josue 17 EABD

Manasesen leinu erdiaren lurraldea

1 Hona hemen Joseren seme zaharrena zen Manasesen leinuari eroritako lurralde zatia.Makir, Galaaden aita, Manasesen seme zaharrena zen eta, gerrazalea zenez, Galaad eta Baxan lurraldeak eman zizkioten ondaretzat, Jordanez ekialdera.

2 Manasesen beste sei semeen ondorengoei ere, Abiezer, Helek, Asriel, Sikem, Hefer eta Xemidaren ondorengoei, alegia, beren ondarea izendatu zieten, senitarteka banatua. Horiek ziren Joseren seme Manasesen semeak.

3 Tzelofhadek, ordea —Tzelofhad Heferren semea zen, hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena—, ez zuen semerik izan, alabak baizik; alaben izenak Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza ziren.

4 Emakume haiek Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta herriko arduradunengana joan eta esan zieten: «Guri ere gure senideei bezala ondarea emateko agindu zion Jaunak Moisesi». Orduan, Jaunaren aginduaren arabera, ondare-zatia eman zieten beren aitaren anaiei bezala.

5 Beraz, Manasesen leinuari hamar zati egokitu zitzaizkion Jordanez mendebaldera, Jordanez beste aldera zituen Galaad eta Baxan lurraldeez gainera.

6 Izan ere, Manasesen emakumezko ondorengoek beren ondarea hartu zuten, gizonezkoek bezala, eta Galaad lurraldea Manasesen beste ondorengoentzat izan zen.

7 Manasesen lurraldearen muga, Axerren hasi eta Sikemen aurrean dagoen Mikmetatera zihoan; handik hegoaldera jarraitzen zuen, En-Tapuah aldera.

8 (Tapuah inguruko lurraldea Manasesen leinukoena zen, baina Manasesen muga-ertzean zegoen Tapuah hiria bera efraimdarrena zen).

9 Gero, Kana errekaraino jaisten zen muga. Errekaz hegoaldeko hiriak Efraimen leinuak Manasesen lurraldean zituenak ziren. Manasesen muga errekaren iparraldeko ertzetik zihoan eta Mediterraneo itsasoan bukatzen zen.

10 Efraim hegoaldera zegoen eta Manases iparraldera, bien muga mendebaldera itsasoa zelarik. Ipar-mendebaldera Manasesen lurraldeak Axerrenarekin zuen muga, eta ipar-ekialdera Isakarrenarekin.

11 Isakar eta Axerren lurralde barruan, honako hiri hauek Manasesenak ziren: Bet-Xan eta Ibleam beraien herrixkekin, eta Dor, Endor, Taanak eta Megido, beraietako bizilagun eta herrixkekin.

12 Baina manasestarrek ezin izan zituzten hiri haietako bizilagunak bota, eta kanaandarrek jarraitu zuten bertan bizitzen.

13 Israeldarrek, indartsuago egin zirenean, esklabo-lanetara behartu zituzten kanaandarrak, baina ezin izan zituzten handik egotzi.

Joseren ondorengoek toki handiagoa eskatu

14 Joseren ondorengoek esan zioten Josueri:—Zergatik eman diguzu lurralde-zati bakarra, gu hain herri ugaria izanik? Izan ere, Jaunak bedeinkatu egin gaitu orain arte.

15 Josuek erantzun zien:—Hain herri ugaria bazarete eta Efraimgo mendialdea estuegia iruditzen bazaizue, igo zaitezte oihanera eta soildu periztarren eta refatarren lurraldea.

16 Haiek ihardetsi zioten:—Mendialdea ez dugu aski; gainera, lautadako kanaandarrek burdinazko guda-gurdiak dituzte, baita Bet-Xan eta inguruko herrixketakoek eta Izreel lautadakoek ere.

17 Orduan, esan zien Josuek Efraim eta Manasesen leinuetakoei, Joseren ondorengoei:—Herri ugaria eta oso indartsua zarete, bai. Ez duzue lurralde-zati bakarra izango,

18 mendialdea zuena izango baita. Nahiz eta baso hutsa den, soildu egingo duzue eta zuena izango da alde batetik bestera. Gainera, kanaandarrak ere botako dituzue, nahiz eta burdinazko guda-gurdiak dituzten eta indartsuak diren.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24