Josue 5 EABD

1 Jordanez beste aldera, mendebaldean, bizi ziren amortarren eta kostaldeko kanaandarren erregeek entzun zuten lehortu egin zituela Jaunak Jordango urak israeldarrak igarotzeko, eta adoregabeturik, arnasa ere galduta, gelditu ziren israeldarren aurrean.

Bigarren erdainkuntza

2 Aldi hartan, Jaunak esan zion Josueri: «Egin suharrizko aiztoak, israeldarrak bigarren aldiz erdaintzeko».

3 Egin zituen, bada, Josuek suharrizko aiztoak eta Aralot izeneko mendixkan erdaindu zituen israeldar gizasemeak.

4 Hona zergatik eragin zien Josuek erdainkuntza: Egiptotik irtendako gizasemeak, gerra-gizon guztiak, bidean, basamortuan, hilak zirelako eta,

5 Egiptotik irtendako herri osoa erdaindua zegoen arren, bidean, basamortuan, jaioak erdaindu gabe zeudelako.

6 Izan ere, israeldarrak berrogei urtez ibili ziren basamortuan zehar, Egiptotik irtendako gerra-gizonen belaunaldi osoa desagertu zen arte. Hauek ez zuten aditu Jaunaren esana, eta Jaunak zin egin zien ez ziela ikusten utziko arbasoei zin eginez agindutako lurraldea, esnea eta eztia darizkion lurraldea.

7 Haien ordez, beste belaunaldi bat sorrarazi zuen Jainkoak, eta hauek erdaindu zituen Josuek, bidean ez baitzuten erdainkuntza-ohikunea inoiz ere egin.

8 Jende guztia erdaindu ondoren, kanpalekuan bertan gelditu ziren sendatu arte.

9 Gero, Jaunak esan zion Josueri: «Gaur kendu dizuet gainetik Egiptotik irtenez gero zenuten laidoa».Horregatik, toki hari Gilgal izena ipini zioten, eta hala deitzen da gaur arte.

Lehen Pazko-jaia Kanaanen

10 Israeldarrek Gilgalen ezarri zuten kanpalekua eta hilaren hamalauan, arratsean, Pazko-jaia ospatu zuten Jerikoko lautadan.

11 Pazko-egunean, legamia gabeko ogia eta gari-ale xigortua jan zituzten, baina biharamunean lurralde hartako fruituetatik jan zuten.

12 Lurraldeko fruituak jan zituzten egunetik aurrera bukatu egin zen mana. Aurrerantzean israeldarrek ez zuten manarik izan; urte hartan Kanaan lurraldeko emaitzetatik jan zuten.

Josue eta ezpatadun gizona

13 Behinola, Jeriko ondoan zegoela, eskuan ezpata erantzia zuen gizon bat ikusi zuen Josuek bere aurrean. Josuek gizonarengana aurreratu eta galdetu zion:—Gutarra zara ala etsaietakoa?

14 Gizonak erantzun zion:— Ez! Jaunaren gudarosteko buruzagia nauzu eta etorri berria naiz.Orduan, Josuek, lurreraino ahuspezturik, esan zion:—Zer agintzen diozu, jauna, zeure zerbitzari honi?

15 Jaunaren gudarosteko buruzagiak erantzun zion:—Erantzi oinetakoak, zauden lekua santua baita.Halaxe egin zuen Josuek.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24