1 Israelen garaipenaren berri jakitean, Jabinek, Hatzorko erregeak, mandatariak bidali zizkien inguruetako erregeei: Jobabi, Madongo erregeari, Ximrongo erregeari, Akxafeko erregeari,
2 baita iparraldeko mendialdeko erregeei eta Genesaret aintziraz hegoaldeko Araba basamortukoei, Xefela lautadakoei eta mendebaldean dagoen Dor eskualdeko erregeei ere;
3 orobat, ekialdeko eta mendebaldeko kanaandarrei, mendialdean bizi ziren amortar, hitita, periztar eta jebustarrei eta Hermon mendiaren oinetan, Mitzpa eskualdean, bizi ziren hibiarrei ere.
4 Errege haiek beren gudarosteekin atera ziren: itsasbazterreko hondarra baino ugariago ziren eta zaldi eta guda-gurdi asko zuten.
5 Denek bat egin eta Merom izeneko aintzira ondoan ezarri zuten kanpalekua, israeldarrak borrokatzeko asmoz.
6 Jaunak, ordea, esan zion Josueri: «Ez izan horien beldur! Bihar, ordu honetan, hilda utziko ditut israeldarren aurrean; zuk ebaki horien zaldien hanka-zainak eta erre guda-gurdiak».
7 Josuek, bere gudari guztiekin Merom aintzirara joan eta ustekabean eraso zien.