7 Banatu, beraz, lurralde hori ondaretzat bederatzi leinuen eta Manasesen leinu erdiaren artean».
8 Ruben eta Gaden leinuetakoek eta Manasesen beste leinu erdikoek hartua zuten jadanik beren ondarea Jordanez beste aldera, ekialdera, Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, emanik:
9 Arnon erreka ondoan dagoen Aroer hiritik eta lautadaren erdian dagoen hiritik, Madaba lautada osoa Diboneraino
10 eta bere egoitza Hexbonen zuen Sihon amortar erregearen hiri guztiak amondarren mugetaraino;
11 gainera, Galaad eta gexurtarren eta maakatarren lurraldeak, Hermon mendia eta Baxan lurraldea Salka hiriraino;
12 baita bere egoitza Axtarot eta Edrei hirietan zuen Baxango Og erregearen erreinu osoa ere. Og erregea zen antzinako refatar erraldoietatik gelditutako bakarra. Moisesek garaitu egin zituen bi erregeak eta beren lurraldeetatik bota.
13 Baina israeldarrek ezin izan zituzten gexurtarrak eta maakatarrak bota, eta israeldarren artean bizi dira oraino.