1 Hona hemen Kanaan lurraldean israeldarrek hartu zuten ondarea. Eleazar apaiza, Nunen seme Josue eta Israelgo leinuetako senitarteburuak arduratu ziren ondare-banaketaz.
2 Jaunak Moisesen bidez agindu bezala, zotz eginez izendatu zitzaien lurraldea bederatzi leinuri eta Manasesen leinu erdiari.
3-4 Beste bi leinuei eta Manasesen leinu erdiari Moisesek emana zien jadanik ondarea Jordan ibaiaz ekialdera. Joseren ondorengoak bi leinutan banatzen ziren: Manases eta Efraim. Moisesek Lebiren leinukoei ez zien lurralde-zatirik eman, gainerako leinuei bezala, zenbait hiri baizik, inguruetako lurrekin batera: hiriak beraiek bizitzeko, eta herri-lurrak artalde eta aziendentzat.
5 Jaunak Moisesi agindu bezala banatu zuten israeldarrek lurralde hura.
6 Behinola, Judaren leinuko batzuk Josuerengana etorri ziren, Gilgalera, eta haietariko batek, Jefuneren seme Kaleb keniztarrak, esan zion: «Badakizu zer esan zion Jaunak Moisesi, Jainkoaren gizonari, zuri eta niri buruz Kadex-Barnean.
7 Berrogei urte nituen Moisesek, Jaunaren zerbitzariak, Kadex-Barneatik lurralde hau ikertzera bidali ninduenean; barruak agintzen zidan eran eman nion hemengo berri.
8 Nirekin etorri zirenek adoregabetu egin zuten herria; ni, ordea, Jaunarekiko, ene Jainkoarekiko, guztiz leial izan nintzen.