1 Hona hemen Joseren seme zaharrena zen Manasesen leinuari eroritako lurralde zatia.Makir, Galaaden aita, Manasesen seme zaharrena zen eta, gerrazalea zenez, Galaad eta Baxan lurraldeak eman zizkioten ondaretzat, Jordanez ekialdera.
2 Manasesen beste sei semeen ondorengoei ere, Abiezer, Helek, Asriel, Sikem, Hefer eta Xemidaren ondorengoei, alegia, beren ondarea izendatu zieten, senitarteka banatua. Horiek ziren Joseren seme Manasesen semeak.
3 Tzelofhadek, ordea —Tzelofhad Heferren semea zen, hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena—, ez zuen semerik izan, alabak baizik; alaben izenak Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza ziren.
4 Emakume haiek Eleazar apaizarengana, Nunen seme Josuerengana eta herriko arduradunengana joan eta esan zieten: «Guri ere gure senideei bezala ondarea emateko agindu zion Jaunak Moisesi». Orduan, Jaunaren aginduaren arabera, ondare-zatia eman zieten beren aitaren anaiei bezala.
5 Beraz, Manasesen leinuari hamar zati egokitu zitzaizkion Jordanez mendebaldera, Jordanez beste aldera zituen Galaad eta Baxan lurraldeez gainera.