20 Gogora ezazue Akan, Zerahen semea. Ez zuen leial jokatu, Jerikon dena suntsitzeko agindua hautsi zuelako, eta Israel herri osoak jasan behar izan zuen Jaunaren haserrea, erruduna bera bakarrik izan arren».
21 Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek erantzun zieten Israelgo senitarteburuei:
22 «Ongi daki Jaunak, jainkoen Jainkoak, eta jakin beza Israelek ere! Jaunak, berarekiko desleial izan bagara eta beraren kontra errebelatu, zigor gaitzala oraintxe bertan!
23 Aldare hau Jaunarengandik aldentzeko, berorren gainean erre-opariak, labore-opariak edota elkartasun-opariak eskaintzeko eraiki baldin badugu, eska biezazkigu kontuak!
24 Ez, ez dugu horretarako egin, kezkaturik gaudelako baizik, zuen ondorengoek gureei egunen batean hau esango ote dieten: “Ba al duzue zerikusirik Jaunarekin, Israelen Jainkoarekin?
25 Zuen —Ruben eta Gaden ondorengoen— eta gure artean Jordan ibaia ipini zuen Jaunak mugatzat. Zuek ez duzue, beraz, zerikusirik Jaunarekin!” Horrela, zuen seme-alabek eragotzi egingo liekete gureei Jaunari gurtza ematea.
26 Horregatik bururatu zaigu aldarea eraikitzea; ez, ordea, erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko,