21 Ruben eta Gaden leinuetako eta Manasesen leinu erdiko gizonek erantzun zieten Israelgo senitarteburuei:
22 «Ongi daki Jaunak, jainkoen Jainkoak, eta jakin beza Israelek ere! Jaunak, berarekiko desleial izan bagara eta beraren kontra errebelatu, zigor gaitzala oraintxe bertan!
23 Aldare hau Jaunarengandik aldentzeko, berorren gainean erre-opariak, labore-opariak edota elkartasun-opariak eskaintzeko eraiki baldin badugu, eska biezazkigu kontuak!
24 Ez, ez dugu horretarako egin, kezkaturik gaudelako baizik, zuen ondorengoek gureei egunen batean hau esango ote dieten: “Ba al duzue zerikusirik Jaunarekin, Israelen Jainkoarekin?
25 Zuen —Ruben eta Gaden ondorengoen— eta gure artean Jordan ibaia ipini zuen Jaunak mugatzat. Zuek ez duzue, beraz, zerikusirik Jaunarekin!” Horrela, zuen seme-alabek eragotzi egingo liekete gureei Jaunari gurtza ematea.
26 Horregatik bururatu zaigu aldarea eraikitzea; ez, ordea, erre-opariak eta sakrifizioak eskaintzeko,
27 gure eta zuen artean eta gure ondorengo belaunaldien artean ezaugarri izateko baizik; hau da, beraren tenpluan geure erre-opari eta elkartasun-opariak eskainiz Jaunari kultu eman nahi diogula adierazteko ezaugarri. Horrela, zuen seme-alabek ezin esango diete gureei Jaunarekin zerikusirik ez dutela.