27 eta esan zion herriari: «Horra, gure kontrako testigantzarako izanen da harri hau, Jaunak esan dizkigun hitz guztiak entzun baititu. Etengabe oroitaraziko dizkizue, zeuen Jainkoa uka ez dezazuen».
28 Ondoren, Josuek bidali egin zuen herria, nor bere ondarera.
29 Gertakari horien ondoren, ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen semea, Jaunaren zerbitzaria.
30 Beraren ondare zen lurraldean ehortzi zuten, Timnat-Serah hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldera.
31 Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna zerbitzatu zuten; baita Josue hil ondoren bizirik jarraitu zuten eta Jaunak Israelen alde eginiko egintzak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere.
32 Israeldarrek Egiptotik ekarritako Joseren hezurrak Sikemen ehortzi zituzten, Jakobek Sikemgo buruzagi zen Hamorren semeei zilarrezko ehun txanponetan erosi zien lursailean. Lursail hura Joseren ondorengoen ondare izan zen.
33 Gero, Eleazar, Aaronen semea, hil zen eta Gibean ehortzi zuten, Efraimgo mendialdean, beraren seme Pinhasi eman zioten hirian.