1 Josue goizean goiz jaiki zen. Berak eta israeldar guztiek, Xitimdik abiatu eta Jordan ibairaino heldurik, bertan eman zuten gaua, ibaia igaro gabe.
2 Handik hiru egunera, funtzionarioak kanpalekuan zehar ibili ziren,
3 herriari agindu hau emanez: «Apaiz lebitarrek Jaunaren, zuen Jainkoaren, itun-kutxa hartu eta badaramatela ikustean, abiatu zuek ere orain zaudeten tokitik eta jarraitu kutxari,
4 nondik joan jakin dezazuen, lehen inoiz ere bide horretan ibili gabeak baitzarete; baina ez hurbildu kutxaren ondora, utzi kilometro inguruko tartea zuen eta beraren artean».