18 Zabdiren etxekoak aurkeztarazi eta Akan gertatu zen izendatua. Akan Karmiren semea zen, Zabdiren eta Zerahen ondorengoa, Judaren leinukoa.
19 Josuek galdegin zion Akani:—Ene seme, eman ohore Jaunari, Israelen Jainkoari, eta aitortu egia beraren aurrean. Esadak zer egin duan, ez gorde ezer ere.
20 Akanek erantzun zion:—Egia da, neuk egin dut bekatu Jaunaren, Israelen Jainkoaren, aurka. Hara zer egin dudan:
21 harrapakinen artean, babiloniar soingaineko zoragarria ikusi nuen, baita zilarrezko berrehun txanpon eta kilo erdiko urre-puska ere. Hainbeste gustatu baitzitzaizkidan, hartu egin nituen. Lurpean gordea dut dena neure oihal-etxolaren erdian; dirua azpian dago.
22 Josuek gizon batzuk bidali zituen eta, lasterka oihal-etxolara joanik, dena aurkitu zuten oihal-etxolan gordea eta azpian dirua.
23 Gauzak oihal-etxolatik harturik, Josue eta israeldarrei eraman zizkieten, eta hauek Jaunaren aurrean ezarri zituzten.
24 Orduan, Josuek Zerahen seme Akan bera eta dirua, soingainekoa, urre-puska, Akanen seme-alabak, beraren idi, asto eta ardiak, oihal-etxola eta gauza guztiak hartu eta, israeldar guztiak berekin zituela, Akor izeneko ibarrera eraman zituen.