3 Josuerengana itzuli ziren, esanez: «Ez dira asko hiri horretakoak. Ez du gudaroste osoak joan beharrik; aski dira bi edo hiru mila gizon Ai hiriari erasotzeko. Ez du merezi gudaroste osoa nekaraztea».
4 Hiru mila inguru gizon joan ziren Ai hiriari erasotzera, baina ihes egin behar izan zuten Ai hirikoengandik.
5 Hogeita hamaseiren bat israeldar hil zituzten Aikoek eta hiriko ateetatik harrobietaraino pertsegitu zituzten, maldan behera denak porrokatuz. Israeldarrak adoregabeturik gelditu ziren; hauen kemena urtu eta ura bezala isuri zen.
6 Josuek eta israeldar arduradunek jantziak urratu zituzten, buru gainera hautsa bota eta ahuspezturik egon ziren Jaunaren kutxa aurrean arratsa arte.
7 Josuek otoitz egin zuen, esanez:—Ai ene, Jainko Jauna! Zergatik igaroarazi diozu herri honi Jordan ibaia, gero amortarren esku utzi eta hondatzekotan? Hobe Jordanez beste aldera gelditu izan bagina bizitzen!
8 Otoi, Jauna! Zer esan behar dut, Israelek bere etsaien aurrean atzera egin behar izan duen honetan?
9 Jakingo dute hori kanaandarrek eta lurralde honetako beste bizilagunek, altxatuko dira gure kontra eta gure oroitzapena ere desagerrarazi egingo dute lurrazaletik. Zer eginen duzu, orduan, zeure izen handiaren alde?