17 Ain (eta Betelen) ez zen gizon bat ere gelditu israeldarren ondoren joan gabe, eta hiria babesik gabe utzi zuten.
18 Orduan, Jaunak esan zion Josueri: «Zuzen ezazu Ai aldera eskuan duzun azkona, eskura ematen baitizut hiria». Eta Josuek Ai aldera zuzendu zuen eskuan zuen azkona.
19 Josuek besoa luzatu bezain laster, zelatan zeudenek, beren gordelekuetatik bizkor atera, lasterka hirian sartu, beraren jabe egin eta su eman zioten berehala.
20 Begiratu zuten atzera Aiko gizonek eta ke-mordo handia ikusi zuten hiritik zerurantz igotzen. Ez zitzaien ihesbiderik gelditzen inongo aldetik, basamorturantz ihesi zihoazen israeldarrak itzuli egin baitziren beren pertsegitzaileen kontra.
21 Izan ere, zelatan egondakoak hiriaz jabetu zirela eta ketan zegoela ikusirik, Josuek eta israeldar guztiek itzuli eta eraso egin zieten Aiko gizonei.
22 Hirian sartutakoak ere bidera atera zitzaizkien, eta Aiko gizonak, israeldarren artean harturik, atzetik eta aurretik erasopean gertatu ziren. Denak hil zituzten: ez zen bat ere gelditu bizirik eta ez zuen inork ere ihes egin.
23 Aiko erregea, ordea, bizirik harrapatu eta Josuerengana eraman zuten.