2 Egin Ai hiriari eta bertako erregeari, Jerikori eta bertako erregeari egin zeniena. Oraingoan har ditzakezue hiriko ondasunak eta abereak guda-harrapakintzat. Ipini zelatariak hiriaren atzealdean».
3 Josue, bere gudaroste osoarekin Ai hiriari erasotzeko prestatu zen. Hogeita hamar mila gudari aukeratu eta gauez bidali zituen,
4 agindu honekin: «Jar zaitezte zelatan hiriaren atzealdean; ez urrutiratu gehiegi hiritik eta egon erne.
5 Ni eta gainerako gerra-gizonak hirira hurbilduko gara eta, aurrekoan bezala, hirikoak guri erasotzera ateratzean, guk ihesari emango diogu.
6 Gure ondoren aterako dira eta, horrela, hiritik urruti erakarriko ditugu, aurrekoan bezala beraiengandik ihesi goazela uste izango baitute.
7 Zuek, orduan, atera gordelekutik eta jabetu hiriaz; Jaunak, zeuen Jainkoak, eskura emango dizue.
8 Hiria hartu bezain laster, su emango diozue, Jaunak agindu bezala. Horra nire agindua!»