1 Tobiten historia. Tobiten aita Tobiel izan zen, honena Ananiel, honena Aduel, honena Gabael, honena Rafael eta honena Raguel. Asielen jatorrikoak ziren eta Neftaliren leinukoak.
2 Tobit Asiriako errege Salmanasarren garaian erbesteratu zuten Tisbetik; hiri hau Neftaliko Kidiostik hegoaldera dago, Galilea Garaian, Aser baino gorago mendebaldera eta Fogortik iparraldera.
3 Nik, Tobitek, leial jokatu izan dut eta egintza onak egin izan ditut neure bizitza osoan. Erruki-egintza asko egin izan diet Asiriako Ninivera nirekin batera erbesteratu zituzten senide eta herritarrei.
4 Nire gaztaroan, neure herri Israelen bizi nintzelarik, gure arbaso Neftaliren leinua bereizi egin zen Daviden erreinutik eta Jerusalemdik. Hiri hau zuen aukeratua Jainkoak Israelgo leinu guztien artean, opariak eskaintzeko toki izan zedin. Horregatik, bertan eraiki eta sagaratu zuten tenplua, Jainkoaren bizilekua, hurrengo belaunaldi guztietarako.
5 Nire ahaide guztiek eta gure arbaso Neftaliren leinuak, ordea, Galileako mendi guztietan eskaini ohi zizkioten opariak Jeroboamek, Israelgo erregeak, Dan hirian egina zuen zekor-irudiari.