Tobit 2 EABD

Tobit itsutu

1 Asarhadonen erregealdian itzuli nintzen etxera eta berriro eman zizkidaten Ana, neure emaztea, eta Tobias, neure semea.Mendekoste izeneko gure jaiegunean, hau da, Asteen Jai santuan, otordu ederra ipini zidaten. Eseri nintzen

2 jaki bikainez betea zegoen mahaian eta esan nion Tobias neure semeari:—Seme, zoaz eta ikus Ninivera erbesteratutako gure senideen artean Jaunaz bihotz-bihotzez oroitzen den behartsuren bat ba ote den eta ekarzu gurekin jatera. Itzuli arte itxarongo dizut.

3 Atera zen Tobias gure herritarren arteko behartsuren baten bila; baina itzultzean, esan zidan:—Aita!Nik esan nion:—Zer, seme?Eta hark:—Aita, gutar bat hil dute; ito egin dute eta oraindik hor datza plaza nagusian botata.

4 Bat-batean jaiki eta, janaria ukitu ere egin gabe utzirik, plazara joan nintzen gizon hura jasotzera, eta gela batean utzi nuen, eguzkia sartzean lur emateko.

5 Gero, etxera itzuli, garbikuntza egin eta bazkaldu egin nuen nahigabeturik.

6 Amos profetak Betelen kontra esandako profeziaz oroitu nintzen:«Zuen jaiak dolu bihurtuko dituteta zuen abestiak negar-kantu».Eta negar egin nuen.

7 Eguzkia ezkutatzean, hilobia egin eta ehortzi nuen gorpua.

8 Auzokoek barre egiten zidaten, esanez: «Ez du beldurrik! Horrelako zerbaitengatik ibili zitzaizkion agintariak bila, hiltzera kondenatzeko, eta ihes egin zuen. Baina berriro ere hilak hobiratzen ari da».

9 Gau hartan, garbikuntza egin ondoren, etxartera joan eta pareta ondoan etzan nintzen aurpegia estali gabe, bero baitzegoen.

10 Ez nintzen ohartu txolarreak zeudela paretan, nire gainean. Haien zirina, oraindik bero-bero, begietara jausi zitzaidan eta lausotu egin zitzaizkidan begiak. Joan nintzen sendagileengana sendatzera; baina zenbat eta ukendu gehiago eman, hainbat eta gutxiago ikusten nuen lausoarengatik, erabat itsu gelditzeraino. Lau urtez egon nintzen itsu. Nire ahaideak atsekabetuak zeuden niregatik eta Ahikarrek bi urtez mantendu ninduen, Elimaidara joan zen arte.

11 Egoera hartan, Ana, nire emaztea, kanporako ehuna egiten hasi zen.

12 Berak lana bukaturik ematean, nagusiek ordaindu egiten zioten saria. Behin batez, Distros hilaren zazpian, oihala egiten bukatu eta eraman zien nagusiei. Haiek lansari osoa ordaindu eta, gainera, antxumea erregalatu zioten jateko.

13 Etxean sartzean, antxumea beeka hasi zen; orduan, emazteari dei egin eta esan nion:—Nondik etorri da antxume hori? Ez da, bada, lapurtua izango? Itzuli bere jabeei, ezin dugu-eta ostutako ezer jan!

14 Emazteak erantzun zidan:—Erregalatu egin didate, lansariaz gainera.Nik, ordea, ez nion sinesten eta esan eta esan ari nintzaion jabeei itzultzeko. Haserretu ere egin nintzen hori zela eta. Orduan, emazteak esan zidan:—Non dira zure erruki-egintzak? Non zure egintza onak? Argi aski dago zer gertatu zaizun!

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14