Tobit 4 EABD

Tobiten testamentua

1 Egun hartan, Tobitek, Mediako Rage hirian Gabaelen etxean utzitako diruaz oroiturik,

2 esan zuen bere baitan: «Heriotza eskatzen ari naiz. Baina, hil aurretik, dei egin behar nioke neure seme Tobiasi, diru horren berri emateko».

3 Dei egin zion, bada, bere seme Tobiasi eta, etorri zenean, esan zion: «Hilobira nazazu era egokian. Ohora ezazu ama eta ez utzi bakarrik inoiz ere bizi den bitartean. Egizu gogoko duen guztia eta ez atsekabetu ezertan ere.

4 Oroit zaitez, seme, sabelean zintuen bitartean nolako arriskuak igaro behar izan zituen. Eta hilko denean, ehortzi nire ondoan, nire hilobi berean.

5 «Ene seme, izan ezazu gogoan Jauna bizi zaren artean. Ez egin bekaturik eta ez hautsi haren aginduak. Zeure bizitza osoan egin zuzen dena eta ez hartu okerbidea;

6 izan ere, leial jokatzen dutenei arazo guztiak ongi aterako zaizkie.

7 Zuzen jokatzen dutenei eman limosna zeure ondasunetatik eta ez jarri aurpegi txarrik limosna ematean. Ez eman bizkarrik behartsuari, eta Jainkoak ere ez dizu bizkarrik emango.

8 Eman limosna zeure ondasunen neurrira; gutxi baduzu ere, ez izan beldur duzun pixka horretatik limosna emateko.

9 Horrela, beharraldian altxor ederra izanen duzu,

10 heriotzatik libratzen baitu limosnak eta ilunpetara joatea eragozten;

11 izan ere, limosna ematen dutenek eskaintza bikaina egiten diote Goi-goikoari.

12 «Ene seme, ez egin legez kontrako ezkontzarik, baizik eta, oroz gain, zure arbasoen herrikoa izan dadila zure emaztea. Ez ezkondu zure aitaren leinukoa ez den emakume arrotzarekin, profeten ondorengoak baikara gu. Oroit zaitez, ene seme, antzinako gure arbaso Noe, Abraham, Isaak eta Jakobek beren senitarteetan aurkitu zutela emaztea eta Jainkoak bedeinkatu egin zituela seme-alabak emanez, eta haien ondorengoek hartuko dutela lurra ondare.

13 Ene seme, maita itzazu zeure herritarrak; harrokeriagatik ez uste izan zeure herritarrak —zeure herriko seme-alabak— baino handiago zarenik eta ez izan gutxitzat emaztea horien artetik hartzea. Harrokeriak hondamendia eta urduritasuna baizik ez dakar, eta nagikeriak porrota eta behar gorria, nagikeria gosearen ama baita.

14 «Ez atzeratu biharamuna arte langileari saria ordaintzea; ordaindu berehala, Jainkoak ere emango baitizu ordaina berari zerbitzu egitean.«Ene seme, ibili kontuz zeure egintza guztietan, eta jokaeran ager ezazu ongi hezia zarela.

15 Ez egin inori zeuretzat nahi ez duzunik. Ez edan ardoa mozkortzeraino eta ez ibili hor zehar mozkorturik.

16 Eman zeure ogia gose denari eta zeure janzkiak biluzik daudenei. Sobera duzuna eman limosnatan eta ez jarri aurpegi txarrik limosna ematerakoan.

17 Eskaini ogia zintzoen heriotzagatik negarrez ari direnei, baina ez eman bekatariengatik ari direnei.

18 «Eskatu aholkua jende zuhurrari eta ez mespretxatu aholku onuragarria.

19 «Goretsi Jauna, zeure Jainkoa, une guztietan, eta eska iezaiozu zuzen ditzala zure bideak eta lagun diezazula zure asmo eta ibilerak ongi burutzen. Zuhurtzia ez da inongo herrirena, baizik eta Jaunak berak du on den guztia ematen eta berak beheratzen nahi duena Hildakoen Egoitzaraino.«Ene seme, hartu gogoan irakaspen hauek eta ez ahaztu.

20 «Ene seme, gauza bat jakinarazi behar dizut: hirurehun eta berrogeita hamar kilo zilar utzi nituen Gabriren seme Gabaelen etxean, Mediako Rage hirian.

21 Ez larritu, seme, behartsu egin garelako; aberastasun handia duzu Jainkoari begirune izanez, bekatu-mota guztiei ihes egin eta Jaunari, zeure Jainkoari, atsegin zaiona eginez».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14