1 Orduan, erantzun zion Tobiasek bere aita Tobiti:—Aita, egingo dut agindu didazun guztia.
2 Baina nola eskura dezaket Gabaelen etxean dagoen diru hori, elkar ezagutzen ez dugularik? Zein ezaugarri eman diezaioket ezagut nazan, sinets diezadan eta dirua eman? Gainera, ez dakit Mediarako bidea ere.
3 Tobitek ihardetsi zion:—Agiria idatzi eta biok sinatu ondoren, erdibitu egin nuen, biok erdibana izateko. Gero, Gabaelen zatia diruaren ondoan ipini nuen. Duela hogei urte utzi nuen dirua han. Orain, seme, bilatu biderako konfiantzazko lagunen bat; ordainduko diogu saria zu handik itzultzean. Zoaz eta hartzazu diru hori Gabaelen etxetik.
4 Mediara joaten lagunduko zion eta bidea jakingo zuen norbaiten bila atera zen Tobias. Kanpoan, Rafael aingerua aurkitu zuen zutik bere aurrean, baina ez zion antzeman Jainkoaren aingerua zenik.
5 Eta galdetu zion:—Nongoa zara, gazte?Hark erantzun:—Israeldarra naiz, zutarren artekoa. Lan bila etorria nauzu hona.Tobiasek galdetu zion:—Ba al dakizu Mediarako bidea?
6 Eta hark:—Bai, sarritan izana naiz bertan eta oso ongi dakizkit harako bide guztiak. Maiz joan izan naiz Mediara eta hango Rage hirian bizi den gure herritar Gabaelen etxean egona naiz ostatuz. Bi eguneko bidea dago Ekbatanatik Ragera, biak mendian baitaude.
7 Tobiasek esan zion:—Itxaron, gazte, aitari esatera noa eta. Lagundu egin behar didazu hara joaten. Emango dizut ordaina.
8 Eta hark:—Ongi da. Itxarongo dizut, baina ez luzatu.
9 Tobias bere aita Tobiti adieraztera joan zen eta esan zion:—Begira, aurkitu dut bat; gure herritarra da, israeldarra.Tobitek, orduan:—Dei egiozu; zein senitarte eta leinutakoa den eta zuri lagun egiteko konfiantzazkoa den jakin behar dut, seme.
10 Atera eta dei egin zion Tobiasek:—Gazte, gure aitak dei egiten dizu.Aingerua etxean sartzean, Tobitek agurtu zuen lehenbizi. Hark erantzun zion:—Zorion ugari opa dizut!Tobitek ihardetsi:—Zer zorion izan dezaket? Itsutua nago, ez dut egun-argirik ikusten. Hemen nago ni ilunpetan, argirik ikusten ez duten hildakoen antzera. Bizi naizelarik, hildakoen artean bezala nago. Jendearen ahotsa entzuten dut, baina ez dut ezer ikusten.Hark esan zion:—Izan adore, Jainkoak laster sendatuko zaitu eta! Izan adore!Tobitek, orduan:—Nire seme Tobiasek Mediara joan nahi du. Lagunduko al zenioke eta gidatu? Emanen dizut ordaina, ene anaia.Hark erantzun zion:—Bai, laguntzeko eran nago; badakizkit bide guztiak. Maiz izana naiz Median eta ibilia hango lautada eta mendietan. Badakizkit bide guztiak.
11 Tobitek galdetu zion:—Ene anaia, zein senitarte eta leinutakoa zaitugu? Esadazu.
12 Hark erantzun:—Zer axola dizu zein leinutakoa naizen?Baina Tobitek, berriro:—Anaia, jakin egin nahi dut noren seme zaren eta nola duzun izena.
13 Hark, orduan:—Azarias nauzu, Ananias ospetsuaren semea, zure herritarretakoa.
14 Eta Tobitek:—Ongi etorria, anaia! Ez hartu txartzat zure senitartea egiaz zein den jakin nahi izatea. Gertatzen da, senide zaitugula eta etxe on eta jatorrekoa, gainera. Ezagunak nituen Ananias eta Natan, Semelias ospetsuaren bi semeak. Nirekin joan ohi ziren Jerusalemera eta elkarrekin gurtu ohi genuen Jauna. Haiek ez ziren okertu. Jende ona da zure senitartea eta jatorri onekoa zara. Izan ongi etorria!
15 Eta gehitu zuen:—Egun bakoitzari dagokion saria emanen dizut eta biderako behar duzun guztia, neure semeari bezala.
16 Lagun iezaiozu nire semeari eta lansariaz gainera beste zerbait ere emanen dizut.
17 Hark esan zion:—Bai, lagunduko diot, ez izan beldurrik. Ongi joango gara eta ongi itzuliko zuregana, bidea segurua da eta.Tobitek, orduan:—Bedeinka zaitzala Jaunak, anaia!Gero, bere semeari dei egin eta esan zion:—Seme, presta ezazu biderako behar duzuna eta abia zaitez lagun honekin. Zeruko Jainkoak zain zaitzatela han, eta ekar zaitzatela berriro onik niregana. Izan dezazuela zeuekin beraren aingerua bidean zuek zaintzeko, ene seme!Biderako prestaturik, bere aita-amak besarkatu zituen Tobiasek. Aitak esan zion:—Ongi ibili!
18 Amak, negarrez, esan zion Tobiti:—Zergatik bidali duzu gure semea? Bera da geure ondoan dugun laguntza bakarra.
19 Zertarako dirua eta dirua? Ez du ezer ere balio gure semearen aldean.
20 Aski dugu bizitzeko Jaunak eman diguna.
21 Senarrak ihardetsi zion:—Ez kezkatu! Ongi ibiliko da gure semea, bai joatean, bai etortzean. Ikusiko duzu nola itzuliko zaizun onik.
22 Ez kezkatu, ez larritu berarengatik, ene emazte, aingeru ona baitu lagun. Ongi egingo du joan-etorria eta onik itzuliko zaigu.
23 Orduan, amak negar egiteari utzi zion.