Tobit 6 EABD

Arraina harrapatu

1 Abiatu ziren, bada, mutila eta aingerua; zakurra ere beraiekin joan zen. Ilundu arte ibili ondoren, Tigris ibai ondoan gelditu ziren gaua igarotzeko.

2 Mutila uretara jaitsi zen Tigris ibaian oinak garbitzera. Bat-batean, arraintzar batek jauzi egin zuen uretatik kanpora, mutilari oina irentsi nahirik. Honek garrasi egin zuen.

3 Baina aingeruak esan zion:—Harrapatu! Ez utzi!Mutilak arraina harrapatu eta lehorrera atera zuen.

4 Aingeruak esan zion:—Zabaldu eta ken iezazkiozu behazuna, bihotza eta gibela eta utzi aparte. Bota hesteak. Behazuna, bihotza eta gibela sendagai izango dira.

5 Zabaldu zuen mutilak arraina eta, behazuna, bihotza eta gibela hartu ondoren, arrain-puska bat erre eta jan egin zuen; gainerakoa gazitu.

6 Ekin zioten berriro bideari biek batera. Mediara hurbildu zirenean,

7 mutilak galdetu zion aingeruari:—Azarias, ene anaia, zein sendagai ateratzen da arrainaren bihotz, behazun eta gibeletik?

8 Aingeruak erantzun:—Demonioak edota espiritu gaiztoren batek gizon nahiz emakumeren bati erasotzean, halakoaren aurrean arrainaren bihotza eta gibela errez gero, ez dio berriro erasoko; betiko ihes egingo du.

9 Behazunez, berriz, igurtzi begiak lausoturik dituenari, haize eman begietara eta sendatu egingo zaizkio.

Ezkontzeko asmoak

10 Median sartu eta Ekbatana hirira hurbiltzean,

11 Rafaelek esan zion mutilari:—Tobias, ene adiskide!Tobiasek, orduan:—Zer?Eta aingeruak:—Gaurko gaua Raguelen etxean emango dugu. Ahaidea duzu. Sara izeneko alaba

12 bakarra du; ez du beste semerik, ez alabarik, Sara baizik. Zu zaitu ahaiderik hurbilena; horregatik, beste inork baino eskubide handiagoa duzu berarekin ezkontzeko, baita beraren aitaren ondasunak ondaretzat hartzeko ere. Neska zuhurra eta kementsua da eta oso polita; etxe onekoa du aita.

13 Eta gehitu zuen:—Zuk duzu berarekin ezkontzeko eskubidea. Entzun, lagun. Gaur gauean beraren alabaz mintzatuko natzaio aitari, emaztegaitzat eman diezazun eta, Ragetik itzultzean, ezteiak egingo ditugu. Badakit Raguelek ez dizula ukatuko, ezta beste bati emango ere. Heriotza mereziko luke, Moisesen liburuko erabakiaren arabera; bai baitaki zuri dagokizula beste inori baino lehenago beraren alabarekin ezkontzeko eskubidea. Entzun, bada, lagun. Gaur gauean bertan hitz egingo dugu neskari buruz eta zure emaztegaitzat eskatuko eta, Ragetik itzultzean, hartu eta zuen etxera eramanen dugu.

14 Baina Tobiasek ihardetsi zion:—Azarias adiskidea, entzun izan dut zazpitan ezkondu zela eta zazpi senarrak ezkontza-gelan hil zitzaizkiola, berarengana joaten ziren gau berean. Demonioren batek hiltzen omen zituen.

15 Beldur naiz ni horregatik. Demonioak ez dio emakumeari kalterik egiten; baina berarengana hurbildu nahi duena hil egiten du. Seme bakarra naiz eta, hilko banintz, heriotzara eramango nituzke neure aita-amak ere, niregatik atsekabeturik. Eta ez dute beste semerik, beraiei hildakoan lur emateko.

16 Rafaelek esan zion:—Ahaztu al zaizu aitaren esana? Berak agindu zizun emaztea beraren senitartean hartzeko. Aditu, ene lagun; ez kezkatu demonio horrengatik, eta ezkondu neska horrekin. Badakit gaur gauean bertan emango dizutela emaztetzat.

17 Eta ezkontza-gelan sartzean, hartu arrainaren gibel-puska bat eta bihotza, eta ipini usainkiak erretzeko su-ontzian. Usaina zabaltzean, demonioak usnatu eta ihes egingo du, eta ez da inoiz ere itzuliko.

18 Eta emaztearekin elkartzerakoan, jaiki biok, egin otoitz eta eskatu zeruko Jaunari, zuetaz errukitu eta osasuna eman diezazuen. Ez izan beldur, betidanik zuretzat izendatua baitago. Zuk salbatuko duzu eta zurekin joango da. Eta baietz eman berak oso maite izanen dituzun seme-alabak! Ez kezkatu!

19 Rafaelen hitzak entzun eta Sara beraren ahaidea eta aitaren senitartekoa zela jakitean, biziki maite izan zuen eta neskaz maitemindua gelditu zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14