12 Jainkoa beti oso gogoan nuenez,
13 Goi-goikoak Salmanasar erregearen begiko izatea eman zidan. Nik erosi ohi nuen erregeak behar zuen guztia.
14 Erregea hil zen arte, ni joaten nintzen Mediara, erregearentzat erosketak egitera. Eta hantxe utzi nituen behin zakutan, Gabriren anaia Gabaelen etxean, Mediako Rage hirian, hirurehun eta berrogei kilo zilar.
15 Salmanasar hiltzean, haren seme Senakerib izan zen errege. Orduan, Mediarako bideak arriskutsu bihurtu ziren eta ezin izan nintzen Mediara gehiago joan.
16 Salmanasarren garaian, erruki-egintza asko egin nien neure herritarrei:
17 gose zirenei neure ogia eman ohi nien eta biluzik zeudenei neure janzkiak. Eta neure herritarren baten gorpua Niniveko harresiez kanpora jaurtia ikusten banuen, lur ematen nion.
18 Behinola, garaitu egin zuten Senakerib Judean, zeruko Erregeak zigortu egin baitzuen hark esandako hainbeste biraorengatik. Amorruz beterik handik itzultzean, israeldar asko hilarazi zuen. Eta nik, hildako guztien gorpuak hartu eta lur eman nien. Senakeribek gorpu haien bila bidali zituen batzuk, baina alferrik.