4 Nire gaztaroan, neure herri Israelen bizi nintzelarik, gure arbaso Neftaliren leinua bereizi egin zen Daviden erreinutik eta Jerusalemdik. Hiri hau zuen aukeratua Jainkoak Israelgo leinu guztien artean, opariak eskaintzeko toki izan zedin. Horregatik, bertan eraiki eta sagaratu zuten tenplua, Jainkoaren bizilekua, hurrengo belaunaldi guztietarako.
5 Nire ahaide guztiek eta gure arbaso Neftaliren leinuak, ordea, Galileako mendi guztietan eskaini ohi zizkioten opariak Jeroboamek, Israelgo erregeak, Dan hirian egina zuen zekor-irudiari.
6 Maiz, ni bakarrik joaten nintzen Jerusalemera jaiegunetan, betiereko legez Israel osoari agindutakoa betez.Lehen fruituak, abereen lehen-kumeak, abereen hamarrenak eta lehenengo artilea harturik, Jerusalemera lehiaz joaten nintzen
7 eta Aaronen ondorengo diren apaizei ematen nien dena, aldarean eskaintzeko. Gari, ardo, oliba, granada, piku eta gainerako fruituen hamarrenak ere ematen nituen, Jerusalemen kultu-zerbitzua egiten zuten lebitarrentzat. Bigarren hamarrena, berriz, dirutan trukatu ohi nuen eta urtero Jerusalemen eralgitzen.
8 Hirugarren hamarrena umezurtzei, alargunei eta israeldarren artean bizi ziren arrotzei ematen nien. Horrela egin ohi nuen hiru urtez behin, eta elkarrekin otordua egin ohi genuen, hamarrenari buruz Moisesen legeak eta gure aitona Ananielen ama Deborak emandako arauak betez.Aita hil zitzaidan eta umezurtz gelditu nintzen.
9 Gizon bihurtzean, gure senitarteko emakume batekin, Anarekin, ezkondu nintzen; berarengandik semea izan nuen eta Tobias izena ezarri nion.
10 Asiriara erbesteratu nindutenean, Ninivera etorri nintzen. Nire senideek eta herritar guztiek jentilen janariak jaten zituzten, guretzat debekatuak izan arren.