1 Eztei-jaiak bukatzean, Tobitek bere seme Tobiasi deitu eta esan zion:—Seme, ordaindu saria zeure bidelagunari eta emaiozu zerbait gehiago ere.
2 Tobiasek galdetu zuen:—Zenbat emango diot, aita? Ekarri ditugun ondasunen erdia emanda ere ez naiz galduan aterako.
3 Onik gidatu nau, nire emaztea sendatu du, dirua ekartzen lagundu dit eta zu ere sendatu zaitu. Nola ordaindu hori guztia?
4 Tobitek erantzun zuen:—Seme, bidezko zaio ekarritako guztiaren erdia hartzea.
5 Orduan, Tobiasek bere bidelagunari dei egin eta esan zion:—Hartu saritzat ekarritako guztiaren erdia eta zoaz bakean.
6 Rafaelek, ordea, biak aparte hartu eta esan zien:—Goretsi Jainkoa eta aitortu denen aurrean zenbat on egin dizuen. Goretsi Jauna eta kanta beraren izenari. Jakinarazi gizon-emakume guztiei Jainkoaren egintzak, merezi duen bezala. Ez izan geldoak Jauna ospatzeko.
7 On da erregearen isilpekoa gordetzea; Jainkoaren egintzak, ordea, aldarrikatu eta aitortu egin behar dira, merezi duen bezala. Egizue on dena eta ez zaizue gaitzik etorriko.