2 Tobit bakean hil zen ehun eta hamabi urte zituela, eta Niniven ehortzi zuten ohore handiz. Hirurogeita bi urte zituen itsutu zenean. Ikusmena berreskuratu ondoren, aberats bizi izan zen, limosnak eginez, Jainkoa egunero goretsiz eta beraren handitasuna ospatuz.
3 Hilzorian zegoela, bere seme Tobiasi dei egin eta agindu hauek eman zizkion: «Ene seme, hartu zeure seme-alabak
4 eta zoaz laster Mediara. Sinesten dut nik Jainkoak Nahum profetaren bitartez Niniveren kontra esana. Gertatuko da guztia eta Asiria eta Niniveren gainera etorriko. Gertatuko da Jainkoak bidali dituen Israelgo profetek esana. Profezia horiek dioten horretatik ez da ezer gertatu gabe geldituko. Dena gertatuko da bere garaian. Asirian eta Babilonian baino seguruago bizi ahal izango da jendea Median. Badakit eta sinesten dut beteko dela eta gertatuko Jainkoak esan duen guztia; profezia horietako batek ere ez du huts egingo. Israelen bizi diren gure senideak barreiatu eta erbesteratu egingo dituzte lurralde eder hartatik. Israel osoa eremu bihurtuko da, baita Samaria eta Jerusalem ere, eta Jainkoaren etxea hondatua eta kiskalia geldituko da aldi baterako.
5 Jainkoak, hala ere, errukiz hartuko ditu berriro israeldarrak eta beren lurraldera, Israelera, itzularaziko. Berriro eraikiko dute tenplua; baina ez lehengoa bezain bikaina, erabakitako garaia bete arte bederen. Ondoren, erbesteratu guztiak itzuliko dira eta bikain berreraikiko dute Jerusalem. Eta Jainkoaren etxea ere berreraikiko dute bertan, Israelgo profetek esan bezala.
6 Munduko herrialde guztietan denak bihozberrituko dira eta begirune izango diote benetan Jainkoari. Bota egingo dituzte gezurrez engainatzen zituzten idoloak eta zinez goretsiko dute mendeetako Jainkoa.
7 Egun haietan, salbatutako israeldar guztiak, Jainkoaz benetan oroituz, bildu eta Jerusalemera itzuliko dira, eta seguru biziko betiko, Jainkoak emango dien Abrahamen lurraldean. Jauna zinez maite dutenak poztuko dira; baina bekatua eta gaiztakeria egiten dutenak suntsitu egingo ditu lurretik.
8-9 «Ene seme-alabak, hona hemen nire aginduak: Zerbitzatu benetan Jainkoa eta egin atsegin zaiona. Erakutsi zeuen seme-alabei zuzen jokatzen eta limosna egiten, Jainkoaz oroitzen eta une guztietan bera benetan eta indar guztiz goresten. Eta zuk, seme, alde egizu Ninivetik, ez gelditu bertan. Nire ondoren ama ehortz dezazunean, ez gelditu gau bat ere hiri honen inguruan, ikusten ari bainaiz hiri honetan gaiztakeria handia dagoela eta iruzur asko egiten dela, inor ere lotsatu gabe.