Tobit 14:7-14 EABD

7 Egun haietan, salbatutako israeldar guztiak, Jainkoaz benetan oroituz, bildu eta Jerusalemera itzuliko dira, eta seguru biziko betiko, Jainkoak emango dien Abrahamen lurraldean. Jauna zinez maite dutenak poztuko dira; baina bekatua eta gaiztakeria egiten dutenak suntsitu egingo ditu lurretik.

8-9 «Ene seme-alabak, hona hemen nire aginduak: Zerbitzatu benetan Jainkoa eta egin atsegin zaiona. Erakutsi zeuen seme-alabei zuzen jokatzen eta limosna egiten, Jainkoaz oroitzen eta une guztietan bera benetan eta indar guztiz goresten. Eta zuk, seme, alde egizu Ninivetik, ez gelditu bertan. Nire ondoren ama ehortz dezazunean, ez gelditu gau bat ere hiri honen inguruan, ikusten ari bainaiz hiri honetan gaiztakeria handia dagoela eta iruzur asko egiten dela, inor ere lotsatu gabe.

10 Begira, seme, Nadabek bere aitaorde Ahikarri egin ziona, bizirik hilobiratu baitzuen. Jainkoak, ordea, berari itzuli zion zitalkeria hura: Ahikar argitara atera baitzuen eta Nadab, berriz, betiko ilunpetara eraman, Ahikar hil nahi izan zuelako. Limosna egin ohi zuelako atera zen onik Ahikar, Nadabek hiltzeko jarri zion tranpatik; Nadab bera, ordea, tranpa hartan erori zen eta galdu.

11 Ikus, bada, ene seme-alabok, zer dakarren limosna egiteak eta zer gaiztakeriak; honek hil egiten du. Niri badoakit oraintxe bizia».Etzan zuten ohean eta hil egin zen. Ohore handiz ehortzi zuten.

12 Ama hil zitzaionean, aitaren ondoan ehortzi zuen Tobiasek. Gero, bere emaztearekin Mediara alde egin eta Ekbatanan bizi izan zen, Raguel bere aitaginarrebaren etxean.

13 Egoki zaindu zituen aita-amaginarrebak beren zahartzaroan eta Mediako Ekbatanan ehortzi. Bera izan zen Raguelen ondasunen oinordeko, baita bere aita Tobitenena ere.

14 Denek estimatua hil zen ehun eta hamazazpi urterekin.